Hedatze proiektua eskainiko dute datorren ikasturtean herriko hiru ikastetxeetan

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 24a, 09:00
Urola Ikastola BHIren eraikinaren irudi bat.

DBHko ikasleei zuzendurik dago Hedatze programa, eta ikasle guztientzat izango da; ikasketetan justu dabiltzanei ikasgai guztietako errefortzu klaseak eskainiko dizkiete, eta ikasle guztientzat askotariko ikastaroak egongo dira. Iraurgi Ikastetxean, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin eta Urola Ikastola BHIn ezarriko dute programa.

Hedatze proiektua martxan izango da 2022-2023 ikasturtean Iraurgi Ikastetxeko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Urola Ikastola BHIko DBHko ikasle guztientzat. Azpeitiko Udalak eta ikastetxe horietako arduradunek ikasturte amaieran egin zuten azken bileran landu zuten Hedatze programa, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ezarriko du. Bi ikasturteren ostean programak arrakasta izaten badu, jarraitzeko aukera izango da. Proiektu horren xede nagusia da "ikastetxeei irakastorduak eta irakastorduak ez diren une hezitzaileak uztartzeko aukera zabaltzea". Era berean, "hezkuntza komunitatean elkarlana erraztea" eta "herriko ikasleekin proiektu ezberdinak garatzea" nahi dute.

DBHko ikasle guztiek goizez klaseak izango dituzte, eta arratsaldean errefortzu tailerrak zein bestelako ikastaroak eskainiko dituzte. Hedatze programaren barruan zentro bakoitzak bere tailer propioak izango ditu, baina udalaren laguntzaz hiru ikastetxeetan hainbat tailer izango dituzte batera, ikasturtearen azken astean antolatutako tailerretan izan zituzten moduan. Ildo horretatik, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean hainbat sormen ikastaro antolatu dituzte; horrez gain, kirol eta kultur jarduerak zein euskarazko errefortzu klaseak antolatzeko lanean dihardute hiru ikastetxeek eta udalak.

Tailerrak doakoak izango dira, eta ikasle guztiek parte hartu ahal izango dute horietan. Udalak nabarmendu duenez, Hedatze proiektuak "hezkuntza komunitatera zabaltzen" lagunduko du, "gizarteari irekitako hezkuntza bultzatuz"; izan ere, familiek zein kanpoko eragileek ere parte hartu ahal izango dute.

Hedatze proiektuaren "indargune nagusia" errefortzu tailerretan jarri dutela nabarmendu du erakundeak. Ikasketetan "kili-kolo" dabiltzanentzat derrigorrezkoak izango dira errefortzu tailerrak, eta ikasgai guztietan eskainiko dituzte. Nabarmendu dutenez, "irakasleen jarraipen zuzena" izango dute ikasleek saio horietan. Ikasleek goizez izango dituzte ikasgai orduak, baina ikastetxeen ordutegia arratsalderaino luzatuko da; beraz, 15:00etatik 17:00etara eskainiko dituzte errefortzu klaseak zein bestelako saioak.