Gaurtik aurrera hainbat elizkizun izango dira Loiolan, San Inazioren konbertsioaren 500. urtemuga dela eta

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 22a, 12:27
Loiolako Santutegiaren ataria.

Gaurtik San Inazio bezperara bitartean, San Inazioren bederatziurrena ospatuko dute; egunero izango da meza, 19:00etan, Loiolako basilikan. San Inazio egunez sei elizkizun izango dira Loiolan; meza nagusia 12:00etan izango da.

San Inaziok fede aldaketa izan zuela 500 urte dira aurten, eta urtemuga horren harira, askotariko elizkizunak izango dira datozen egunetan Loiolan. Gaurtik San Inazio bezperara bitartean, San Inazioren bederatziurrena ospatuko dute; egunero izango da meza, 19:00etan, Loiolako basilikan.

San Inazio egunez, berriz, sei elizkizun izango dira Loiolan. Aurrena, 08:30ekoa, Konbertsioaren kaperan eskainiko dute, gaztelaniaz, eta ondorengo bostak basilikan izango dira, euskaraz nahiz gazteleraz: 10:00etan euskaraz, 12:00etan meza nagusia elebitan, 13:15ean gaztelaniaz, 18:00etan gazteleraz eta 19:00etan euskaraz.

Meza nagusia, 12:00etatik aurrera ospatuko dutena, Francisco Perez Donostiako gotzain administrariak eskainiko du, Arturo Sosa Jesuiten Lagundiko nagusia lagun duela. Elizkizunean Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak nahiz Parrokiako abesbatzako lagunek abestuko dute, eta Itziar Urbieta izango da organista.

San Inazio eguneko meza nagusiaren aurretik, 11:30ean, udal ordezkariek harrera egingo diete Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei Loiolan. Aurten, abuztuaren 1ean beharrean, egun horretan egingo dute politikariek harrera ekitaldia.