Hondarrarekin eskulturak egiteko tailerra izango da bihar plazan

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 21a, 15:15
Hainbat lagun hondarrezko eskultura egiten tailer batean.

Andoni Bastarrikak eskainiko du tailerra, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Plazan izango da saioa. 19:00etan, berriz, Kodaore judo taldekoen erakustaldia izango da plazako kioskoan, eta 21:00etan, Arima Soul musika taldearen emanaldia Balentina Agirre plazan. Hilaren 27an eta 28an, hurrenez hurren, ur parkea eta paintball saioak izango dira.

Hondarrezko eskulturak egiteko aukera izango da bihar, ostiralez, Azpeitiko plazan. Andoni Bastarrikak gidatuko du saioa, eta herritarrek doan eta aurrez izenik eman gabe parte hartu ahal izango dute bertan. 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango da tailerra.

Jai giroan murgiltzeko xedez, beste bi ekitaldi ere izango dira biharkoan. Hain zuzen ere, 19:00etan, Kodaore judo klubeko kideek erakustaldia eskainiko dute plazako kioskoan. Ondoren, 21:00etan hasita, Arima Soul musika taldearen emanaldia izango da Balentina Agirre plazan.

Haurrentzako ekintza hainbat

Datozen egunetan ere izango dute haurrek eta gaztetxoek aisialdiko ekintzen gozatzeko aukera. Izan ere, udalak askotariko ekintzak antolatu ditu datozen egunetarako ere. Uztailaren 27an, asteazkenez, ur parkea izango da Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren jolastokian.

Bestalde, hilaren 27an, osteguna, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara paintballean ibiltzeko aukera izango dute Izarraizko Atea parkean. Saioetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute udalaren webgunearen bidez. Taldeak egokitzeko, bi adin eremu zehaztu ditu erakundeak, eta beraz, adinaren arabera banatuko dituzte ordutegiak. Ordubete inguruko paintball saioak izango dira.

Honako hauek dira txanden ordutegiak.

  • 10:00. 12 urtetik gorakoak (izena emateko egin klik hemen)
  • 11:15. 8 eta 12 urte bitartekoak (izena emateko egin klik hemen)
  • 12:30. 12 urtetik gorakoak (izena emateko egin klik hemen)
  • 16:00. 8 eta 12 urte bitartekoak (izena emateko egin klik hemen)
  • 17:15. 12 urtetik gorakoak (izena emateko egin klik hemen)
  • 18:30. 8 eta 12 urte bitartekoak (izena emateko egin klik hemen)
  • 19:45. 12 urtetik gorakoak (izena emateko egin klik hemen)