Bandera zuria jaso du Pogacarrek

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 20a, 20:31
Pogacar gaurko etapa garaipena ospatzen, Peyragudesen.

Etapa garaipenarekin konformatu behar izan du esloveniarrak, bere taldeak sekulako lana egin ondoren; Vingegaard aise dabil, hanka batekin eutsi dio lidergoari.

Pirinioetako bigarren etapak orain arte ikusitakoa berretsi du: Pogacarrek ezin du Vingegaard liderrarekin, eta eguneko sari txikienarekin konformatu behar izan du: etapa garaipena. Bere taldeak sekulako erakustaldia eman duelako egin du ahalegina, Mikkel Bergek eta Brandon McNultyk lan aparta egin baitute Vingegaard isolatu eta bakarrik uzteko. McNulty estatubatuarrak merezi zuen etapa gehien, baina Pogacar azken metroraino saiatu da, Vingegaardek etapa lapurtu ziezaiokela jakitun. Txaloak merezi ditu UAEk. Mikkel Bergekin erritmoa estutu dute aurrena Hourquette d'Ancizanen. Ondoren McNultyk egin ditu Val Louron-Azet eta Peyragudes, bakar-bakarrik. Kale egin duena liderra izan da, Tadej Pogacar. Kale, edo bera baino gehiago izan den Vingegaarden aurrean amore eman. Eta horraino eztabaida. Pogacarrek eraso bakarra egin du egun osoan, eta hori etapa irabazteko izan da.

Etapa oso bizia izan da berriro, eta espero bezala, ihesaldirik ez da gauzatu Aspin mendatea hasi aurretik. Lutsenko eta Pinot joan dira bakarrik, baina atzetik hamaika txirrindulari saiatu dira. Tartean zen Romain Bardet, atzo txakalaldi latza jasan ostean motibazio bereziarekin. UAEren erauntsia etorriko zela jakina zen, eta etorri da. Bergek aurrena, McNultyk gero, aurretik zihoazen guztiak harrapatu eta txikitu dituzte. Hainbesterako, McNulty bera bakarrik geratu dela bi ziklista indartsuenekin, Vingegaardekin eta Pogacarrekin.

Helmugan alde ikaragarriak egon dira, eta gaur galtzaile Ineos taldeko bikotea izan da: Adam Yates eta Tom Pidcock. Yates 9. posturaino jaitsi da sailkapen nagusian, eta Pidcock 15.era, jota. Geraint Thomas, aldiz, bikain aritu da, onena izan da liderraren eta Pogacarren ondoren, eta podiumeko hirugarren koska ziurtatu du berea ez den terrenoan, Nairo Quintanaren moduko igotzaile trebeak atzeratuz. Gauzak normal, sailkapen nagusiko lehen hiru postuek ziurrak dirudite, baina Top 10eko postuek aldaketa handiak jasan ditzakete. Ziklista guztiak muga-mugan doaz, eta gaur denbora galdu dutenak bihar galdutakoari buelta ematen saiatuko dira nola edo hala.

Bihar Pirinoetako azkena korrituko da, eta ikuskizun dago UAEk zer jarrera hartuko duen. McNultyk eta Bergek jipoi handia hartu dute gaur, eta bihar ez dira gaur bezain indartsu egongo. Jumbok ez du etapa garaipena bilatuko, eta litekeena da Pidcock, Vlasov edo Quintana bera ihesaldia bilatzen saiatzea, urrunetik, etapa irabazi eta nagusian postutxoren bat aurreratzeko. Hiru mendate gogor daude 140 kilometroko etapa laburrean. Bi mitikoak, Aubisque eta Hautacam, biak gogorrak eta luzeak. Ezezaguna da, aldiz, Spandelles, ez baita inoiz igo Tourrean. 10 kilometro da luze, eta %8,3ko batez besteko pendiza du. Errepidea, gainera, estua da, zoru lakarrekoa, igoera itoa, eta ezusteko handiak gerta litezke.