Testigantza II

Bego Aizpuru: "Beti pertsona berak artatzea nahi dut, jarraipena eskatzen duen arazo bat dudalako"

Bego Aizpuru. (Ihintza Elustondo)

Familia medikurik gabe dagoen herritarretako bat da Bego Aizpuru. Hark bere testigantza eman du.

"Bada denbora bat familia medikurik gabe gelditu nintzela, baina zera pentsatzen nuen: 'Ekarriko dute'. Dena den, denbora aurrera doa, eta egoerak bera izaten jarraitzen du. Bitarte horretan, mediku ezberdin ugarik artatu naute; beren pazienteak ez ezik, besteenak ere ari dira artatzen horiek. Ordu pila bat sartzen ari dira, eta estresatuta daude. 'Hau ez da posible', pentsatzen dut, eta horregatik, Uztarriaren erredakziora deitu nuen egoeraren berri emateko asmoz. Izan ere, medikuak ondo ez badaude, gu ere ez gaituzte ondo zainduko.

Egun batean, mediku bati azaldu nion zein den nire osasun egoera, eta hurrengo kontsulta ere harekin izatea nahi nuen. Askotan berak ematen dit zuzenean txanda, nahiz eta ez naizen bere pazientea. Niri berez berdin dit batek edo besteak artatzea, baina beti pertsona berak egin dezan nahi dut, jarraipena eskatzen duen arazo bat dudalako. Medikuek ordenagailuan ikus dezakete nire historiala, baina ez da gauza bera. Gaitz kronikoak dituzten edo adin batetik gora duten herritar asko ni bezala sentituko direla pentsatzen dut. Medikuarekin gauzak esateko konfiantza izatea oso garrantzitsua da, eta hori beti pertsona berak artatuta lortzen da. Hori ere galdu behar badugu, pentsa zertara iritsiko garen.

Okerrera egiten ari gara, gauza guztietan. Dena pribatizatzen ari dira. Jendea aseguru pribatuak egiten ari da, baina nik ez dut egingo; nik ordaindu ditut tasak osasun publiko duin bat izateko. Gainera, kontuan izan behar da jende askok ezin duela aseguru pribatua ordaindu.

Medikuak behar ditugu osasuna izan dezagun, mundu honetako ofizio garrantzitsuenetako bat da haiena. Beste gauza batzuk gabe bizi gaitezke, baina osasunik gabe ez. Zer ari da gertatzen? 4.500 herritar familia mediku gabe gaude, eta hori ezin da onartu".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide