Testigantza I

"Aguantatu eta aguantatu ari gara, eta etor daitekeenaren beldurrez gaude"

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 20a, 10:32

Azpeitiko anbulatorioko langile baten testigantza da honako hau.

"Azpeitiko anbulatorioko langileak azarotik ari gara egoera hau sufritzen; ez da gaur goizeko kontua. Azaroan izan genituen medikuen lehen bajak, eta gaur egun, hiru familia mediku gutxiagorekin moldatu beharra dugu. Horrek sekulako esfortzua eta antolaketa eskatzen ditu pazienteen beharrei erantzun ahal izateko. Oso nekatuta gaude, hainbeste hilabete pasatu diren arren, ez digutelako baliabiderik jartzen. Osasun zentroko eguneroko lana aurrera atera ahal izateko, larrialdietako medikuak etortzen dira errefortzu moduan; haiek betetzen dute falta diren medikuen hutsunea, ordu estrak sartuta.

Asistentzia aldetik ez dago arazorik. Izan ere, herritar guztiak artatzen ditugu Azpeitiko osasun zentroan; inor ez dugu uzten artatu gabe. Kontua da 4.500 herritar familia medikurik gabe daudela eta horien jarraipena egitea zaila bilakatu dela. Adibidez, azarotik familia medikurik gabe daude batzuk, eta posible da herritar horiek sei-zazpi mediku ezberdinek artatu izana denbora tarte honetan. Gaixotasun kronikoak dituztenen eta adinekoen kasuan, ordea, garrantzitsua da beti pertsona berak artatzea, jarraipena egin ahal izateko. Kasu askotan, hori galdu egin da.

Zazpi langile ari dira une honetan anbulatorioan lanean, eta horiekin, osasun zentroko egunerokoaz gain, hainbat zerbitzuri ematen diogu erantzuna. Batetik, San Martin egoitzako medikua Osakidetzakoa da –hori litzateke beste lanaldi erdia–, eta hura falta denean edo hark oporrak hartzen dituenean, Azpeitiko osasun zentroko medikuak joaten dira hara. Gainera, bost komentutan zerbitzua ematen dugu: Loiolan, Sierbetan, Jesus Marietan, Olatzen eta Frantziskanetan.

Gogoan izan behar dugu pandemia batetik gatozela; Azpeitian gogorra izan da, gainera, izurria. Oporretara ere beldurtuta goaz, ez dakigulako bueltan zer gertatuko den. Norbaitek gaixo baimena hartuko balu, zer? Beste langile bat gutxiago? Gerta daiteke norbait haurdun gelditzea nahiz medikuren batek min hartzea edo COVID-19 gaitza harrapatzea. Egia esan, egoera honek sortzen duen neke mentala eta estresa tarteko, ez litzateke harritzekoa izango norbait gaixotzea. Aguantatu eta aguantatu ari gara, eta etor daitekeenaren beldurrez gaude.

Jendearekin lan egiten dugu guk, ez torlojuekin. Eta hainbesteko lan karga izanda, lanean ondo ari ez garen sentipena dugu. Ordu gehiago sartzen ari gara, eta gainera, gau askotan laneko kontuei bueltaka esnatzen gara. Geure onetik irtenda eta urduri gaude, eta sarritan, ingurukoekin ordaintzen dugu, gutxien merezi dutenekin. Hari batetik zintzilik gauden sentipena dugu, eta iruditzen zaigu egun batetik bestera 'pum!' egingo dugula.

Egoera honen aurrean, hitzordua eskatzerakoan, filtratze lana egitea erabaki du Osakidetzak, pazienteak ahalik eta profesional egokienarengana bideratzeko. Jendeari iruditzen zaio harrerako langileek gehiegi galdetzen dutela, baina hori profesionalei lana arintzeko modu bat da. Baliabide gutxi dugunez, ondo bideratu behar dira pazienteak, medikuei lan karga ahalik eta gehien kentzeko. Harrerakoen lana da gauza horiek galdetzea, jendeari ondo iruditzen ez zaion arren. Lehen ez zegoen harrerakoari azalpenik eman beharrik, eta herritarrak ez daude horretara ohituta; lehen zuzenean medikuarenera bideratzen zituzten, baina orain ezinezkoa da hori, falta direlako.

Zerk eragin duen egoera hau? Arrazoi asko egongo dira, baina faktore nagusia planifikazio falta izan da. Duela 15-20 urte eskua sartu behar zen leku batean ez dute sartu. Gauza jakina zen medikuak faltako zirela; izan ere, bazekiten osasun langileek zer adin duten eta urteotan jende pila bat erretiratuko zela. Osakidetzako langileen erdia baino gehiago 60 urte bueltakoak dira, kategoria guztietan. Orain alferrik da esatea medikurik ez dagoela. Orain arte nora begira egon dira?

Gizartea ere aldatu egin da urteotan. Lehen, medikuntza ikastean, etxetik gertuen zegoen lekuan hasten ziren lanean, baina oraingo gazteak munduari irekita daude, eta Europa guztian gutxien kobratzen den lekua Espainiako Estatua da, diferentziarekin.

Prestigioaren kontua ere aipatu nahiko nuke; familia medikuek ez daukate lehengo prestigiorik. Lehen arretan lan egiteak prestigio sozialik ez badauka, medikuntza ikasten dutenek beste espezialitate bat aukeratuko dute. Zaindu egin behar da hori, eta lehen arretan lan egitea erakargarri bilakatu. Izan ere, arazoen %90etik gora lehen arretan konpontzen dira.

Egoera honen aurrean, oso nekatuta gaude, eta haserre. Ez dago gure esku mediku gehiago ekartzea. Gure esku dagoena eguneroko lana da, eta hori ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Baina kokoteraino gaude.

Goikoei gure kezka azaltzean, medikurik ez dagoela erantzuten digute. Esaten digute ez dagoela beraien esku egoera konpontzea, eta noren esku dago, orduan? Norbaitek egin beharko du zerbait".