Eduki babestua: Klink ekintzailetza

Florentina Ionela Condruz: "Saltoki edo negozio bat aurrera ateratzeko, ezinbestekoak dira gogoa eta ardura"

Uztarria.eus 2022ko uzt. 20a, 13:33

Ekainaren 10ean zabaldu zituen ateak Nails boutique by Tina edertasun zentroak, Azkoitiko Ibai Ondo kaleko 9. zenbakian. Batez ere, gel-azazkaletan, manikuretan, pedikuretan, erdi-iraunkorretan, makillajean eta bekainen diseinuan oinarritzen da Florentina Ionela Condruzen negozio berria.

Nolakoa izan zen saltokiaren sortze prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu arteko bidea?

Urte asko daramatzat halako lanak egiten, baina etxetik egiten nituen. Bilbon bizi nintzen lehen, baina bikotekideak lana aurkitu zuen Azkoitian, eta hona etorri ginen bizitzera. Sare sozialetatik hasi nintzen nire zerbitzuak eskaintzen, eta bezero sarea osatzea lortu nuen. Pandemia iritsi zen, ordea, eta Bilbora itzuli ginen; Azkoitian nituen bezeroak herrira itzuliko nintzen galdetzen hasi zitzaizkidan. Erantzun hori ikusita, enpresa sortzeko ideia otu zitzaidan.

Une hartan jo al zenuen Iraurgi Berritzeneko Klink zerbitzura?

Hala da. Harremanetan jarri nintzen beraiekin, eta jarraitu beharreko pauso guztiak azaldu zizkidaten. Asko erraztu zidaten prozesua, eta denda zabaltzea azkar lotu nuen, bi hilabetetan ireki bainuen. Lokala bera berria zen, eta pixka bat margotu eta txukundu ondoren, prest zegoen.

Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Beti izaten dituzu beldurrak. Izan ere, bezeroak banituen, baina ezin duzu guztiz ziur egon lokal fisiko bat izateak dituen gastuak ordaintzeko moduan izango al zaren. Hori izan da beldur nagusia, baina gaur egun, oso gustura nago. Ekainaren hasieran zabaldu nuen denda, eta ondo doa. Aurrez esan bezala, banituen bezeroak lehenagotik, berriak ere hasi zaizkit etortzen, eta ahoz ahokoarekin ari dira horiek gehitzen. Gainera, lokala erdigunean dago, herritar ugari igarotzen den lekuan, eta nabari da hori ere. Zabaldu nuenetik, egunero izan dut lana.

Azkoitiarrek, beraz, badute edertasuna zaintzeko joera?

Bai, badute. Gainera, eta etorri diren bezeroek esan didatenez, konfiantza handiagoa sentitzen dute azazkaletan eta edertasunean espezializatuta dagoen boutique bat delako. Beraz, gehiago balioesten dutela esango nuke.

Sare sozialetatik hasi zinen bezero sarea osatzen. Gaur egun, horiek garrantzi handia al dute negozioa edo zerbitzua ezagutarazteko?

Egia esan, pisu ikaragarria dute, eta, niri behintzat, asko lagundu dit zerbitzua zabaltzeko orduan; Instagramek, batik bat. Horrez gain, herrian egonik eta denda fisikoa izanik, ahoz ahokoak ere asko laguntzen du bezeroak lortzen.

Zeintzuk dira norberaren kontura lan egitearen onurak eta desabantailak?

Zaila da erantzutea. Oso gustukoa dudan lana da nirea, 15 urterekin hasi nintzen horretan, eta ikasten eta formazioak egiten jarraitzen dut oraindik ere. Besterentzat lanean ari bazara, berdin zaizu bezeroak dituzun edo ez dituzun; aldiz, zure negozioa denean, kezka gehiago izaten dituzu. Azkenean, desberdintasuna horixe da: kezka eta arazo gehiago sortzen zaizkizu negozioa zurea denean.

Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?

Gogoa eta ardura. Bi gaitasun horiek funtsezkoak direla esango nuke. Gainean egon behar duzu une uro, gauza askoren ardura izan behar duzu, eta saltokia edo negozioa aurrera ateratzeko, gogoa eta ardura ezinbestekoak dira.

"Herriko lehen edertasun zentroa da, azazkaletan oinarritua eta nire izena darama, eta ibilbide luzea izan dezan nahi dut. Nirekin edo ni gabe, baina aurrera egin dezan nahi dut"

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Niretzat ametsa betetzea izan da boutique hau zabaltzea, eta ondo joan dadin nahi dut. Herriko lehen edertasun zentroa da, azazkaletan oinarritua eta nire izena daramana, eta ibilbide luzea izan dezan nahi dut. Nirekin edo ni gabe, baina aurrera egin dezan nahi dut.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.