Perdillegitik Soreasura lekualdatuko dute Juan Antxieta musika eskola

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 19a, 15:55
Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburua, Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolako zuzendaria eta Ainara LarraƱaga udaleko zinegotzia, Soreasun. (Azpeitiko Udala)

Soreasuko bigarren solairuan kokatuko dute laster Juan Antxieta musika eskola, eta abian da lekualdatze hori gauzatzeko lehiaketa publikoa; uztailaren 26a, asteartea, izango da proiektuak aurkezteko azken eguna. Guztira, 1.066.161 euroko inbertsioa egingo du udalak obra horiek egiteko.

Martxan da dagoeneko Juan Antxieta musika eskola Perdillegiko eraikinetik Soreasuko bigarren solairura aldatzeko prozesua. Lekualdaketa hori gauzatzea adostu zuten udalak eta musika eskolak; izan ere, gizarte beharrei erantzungo dien eraikin bat egingo dute Perdillegi azpiko eremuan, hala adostu eta adierazi baitzuten udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joan zen azaroan. Hori dela eta, eremu hura husteko planifikazioaren barruan, musika eskola hartuko duen Soreasuko eremua egokitzen hasi da orain erakundea.

Soreasuko bigarren solairuan obrak egiteko lehiaketa publikoa abiatu du udalak, eta datorren uztailaren 26an, asteartea, bukatuko da proiektuak aurkezteko epea. Erakundeak jakinarazi duenez, gehienez 1.066.161 euroko inbertsioa egingo dute musika eskola egongo den gunea egokitzeko, eta behin proiektua esleituta, enpresak hamar hilabete izango ditu lanak bukatzeko.

Aldaketarekin gustura

Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolako zuzendariarentzat, udalak musika eskolaren aldeko "apustua" egin duela erakusten du aldaketak: "40 urte eta gero, leku finko bat izatea ekarriko du honek". Era berean, eremu berria "neurrira" egindakoa izango dela gaineratu du Bikendik, "eremuak uzten duen heinean", betiere. "Gelak eginkizunei pentsatuta egokituko dira, eta gure behar eta nahien arabera egingo da eremua. Egungo zein etorkizuneko erronkei begirako eremua prestatuko dugu", zehaztu du zuzendariak.

Bestalde, Eneritz Albizu udaleko Kultura batzordeburuarentzat "proiektuan sartzea ona" da: "Gu beti musika eskolaren alboan gaude, bueltan beti erakutsi digutelako edozertan laguntzeko daudela, eta elkarlan hau asko baloratzen dugu. Gauza guztiak elkartuta egin behar ditugu, eta gaur egun horretarako baldintzak ditugu". Horrez gain, Albizuk gehitu du Soreasuko eremua aberastuko duela aldaketak: "Udazkenean soinuaren eremua irekiko dugu. Naturala izango litzateke hor mugimendu bat sortzea eta soinuaren eremua musika eskolak eta bertako ikasleek erabiltzea".

Egoitzaren xehetasunak

Udalak dagoeneko jakinarazi du zein itxura izango duen musika eskola berriak. Guztira, 777,74 metro koadroko azalera izango du, eta sarbide nagusia eraikinaren kanpoaldean eraikiko duten eskaileretatik izango du. Ildo horretatik, erakundeak nabarmendu du irisgarritasuna bermatzeko egungo igogailuak indarrean dagoen araudia betetzen duela.

Eremu berriaren sarreran harrera gunea egongo da, eta bertan, topaleku eremua kokatuko dute, itxaronaldirako aukera emango duena. Horrez gain, komunak, administrazio-gunea eta irakasleen gela eraikinaren iparraldean jarriko dituzte, eta arrapala jaitsita beste topaleku bat ezarriko dute, "ingurua argiztatuko" duena eta abesbatzaren gelako agertokira sartzeko aukera eskainiko duena. Eremu horretan, guztira, bost instrumentu gela eta mintzaira gela handia ezarriko dituzte.

Eraikinaren atzeko aldean, bestalde, perkusio gela kokatuko dute, "ezaugarri akustikoengatik". Sarbidearen mendebaldean, berriz, arrapala igo eta abesbatza gelara igo ahal izango da, eta ibilbidearekin jarraituta, fonoteka balio-anitzeko gelara iritsi ahal izango da; gune hori 0-6 urte bitarteko haurrekin egiten diren jardueretarako ere erabiliko dute. Eremu horren amaieran, bestalde, bi mintzaira gela kokatuko dituzte. Halaber, ibilbidearen azken eremuan hiru instrumentu gela izango dira, eta atzealdean, ezaugarri akustikoak direla eta, bigarren perkusio gela bat jarriko dute, baita beste komunen gune bat ere.