Mirari Uria: "Uste dut oraindik ez garela lortu dugunaz kontziente"

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 19a, 09:21
Mirari Uria Europako Txapelketako garaikurrarekin.

Mirari Uriak (Azpeitia, 2003) Europako Txapelketa irabazi berri du 19 urtez azpikoen Espainiako selekzioarekin. Realeko aurrelariak nazioartean jokatu duen lehen txapelketa izan da, eta lan bikaina eginda, 20 urtez azpikoen selekzioaren deialdian sartzea lortu du: Costa Rican izango da abuztuan, Munduko Txapelketan.

Txapelketa bukatuta, zer sentipen duzu?

Uste dut oraindik ez garela lortu dugunaz kontziente. Epaileak partidaren bukaerako txistuak jo zituenean, izugarrizko lasaitua hartu nuen. Duela hilabete hain urruti ikusten genuen garaipen hori lortzea izugarria izan da. Ilusioz bizi izan dut txapelketa.

Ozta-ozta irabazi zenuten finala, luzapenean 2 eta 1ekoa lortuta...

Norvegia baino hobeto jokatu genuen partida; gol aukerak izan genituen. Minutuak aurrera zihoazen bezala, uneren batean golak iritsi behar zuela ikusten genuen, eta halaxe, 93. minutuan sartu genuen.

Bizi izan duzun txapelketaz zer balorazio egiten duzu?

Balorazio positiboa egingo nuke. Arlo pertsonalean sentipen gazi-gozoa daukat, aurrelaria naizelako eta golak sartzea nahi izaten dudalako. Txapelketan bi gol sartu ditut, lehen fasean, baina gainerako partidetan ez. Dena den, orokorrean nahiko ondo ibili naizela uste dut. Bestalde, talde izugarria osatu dugu, nabaritu egiten zen geure artean ondo konpontzen ginela.

Bi gol sartu dituzu, horietako bat bereziki garrantzitsua taldearentzat: finalerako txartela eman zizuen gola zuk sartu zenuen... Nolako unea izan zen?

Bizitza guztian gogoratuko dudan unea izan zen. Beti esan izan dudan bezala, gol hori nik sartu nuen, baina talde osoarena izan zen. Izan ere, taldeak sekulako lana egin zuen aurkariek golik ez sartzeko; hori ere oso garrantzitsua da.

Ba al zenuten txapelketa irabazteko itxaropenik?

Ilusio ikaragarria genuen: beti esaten genuen irabaztea nahiko genukeela edo izugarria zatekeela txapelketa geureganatzea. Dena den, ikusten genuen zenbat selekzio ariko ziren lehian, zer-nolako taldeak ziren, eta irabaztea oso zaila zela pentsatzen genuen. Geure buruarengan sinetsi dugu, ordea, eta begira, etorri egin da garaipena.

Zer-nolako taldea izan duzue?

Egundokoa. Gure artean oso ondo konpondu gara, eta horrek beste taldeak baino hobeak izaten lagundu egin digu. Kalitate handiko jokalariak izan dira taldean, gainera.

Eta gainerako selekzioak, zer moduzkoak ziren?

Guri baloia edukitzea gustatzen zitzaigun, eta beste taldeak gure akatsak baliatzen eta kontra egiten saiatzen ziren. Italiak harritu gaitu gehien, asko arriskatzen zelako eta asko presionatzen zuelako. Beste talde batzuk gehiago arriskatuko zirela uste nuen, eta ez zen hala izan.

Izugarrizko denboraldia bizi izan duzu. Ginga izan al da txapelketa?

Bai, bai, guztiz. Realean izugarrizko denboraldia egin dugu. Urte osoko lanaren emaitza izan da; urte guztian mailari eustea eta ligako bigarren sailkatzea... Izan ere, izugarrizko taldeak daude ligan, eta Bartzelonaren ostean sailkatzea... Egindako lanari erreparatuz gero, merezita genuela uste dut.

Datorren denboraldian edo, Bartzelonari aurre hartzea posible ikusten al duzu?

Bai. Koska dago Bartzelonaren eta Realaren artean, baina taldeak indartzen ari gara, eta uste dut gero eta marjina txikiagoa izango duela Bartzelonak. Reala gero eta gertuago izango duela uste dut, posible ikusten dut Reala Bartzelonaren parera iristea.

Txapeldunen Ligan ariko zarete oporren ostean. Gogotsu al zaude?

Bai. Orain arte, Realeko taldekide gutxik izan dute Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera, eta beraz, taldea ilusioz dagoelakoan nago. Lehia berria izango da, eta ez dakigu zer-nolakoa izango den. Liga ere ez dugu ahaztu behar, Txapeldunen Ligak eragina izango duelako horretan. Oso denboraldi polita izango dela uste dut.

Denboraldi berrirako zer helburu dituzu?

Talde bezala, joan zen denboraldiko emaitzak mantentzea edo hobetzea. Iaz, adibidez, Kopako final laurdenetan kaleratu gintuen Bartzelonak, eta ea aurten aurrerago iristen garen. Ligan aurreko denboraldian egindakoa berdintzen edo pixka bat hobetzen badugu, ondo. Txapeldunen Ligan, berriz, sailkapen fasera sailkatzea nahiko nuke. Nik lanean jarraituko dut, lana eginda lor baitezaket edozein unetan jokatzea.

20 urtez azpikoen Espainiako Selekzioaren deialdian ere sartu zaituzte. Costa Rican izango zara abuztuan, Munduko Txapelketan. Espero al zenuen?

Esperantza pixka bat banuen, entrenamenduak egindakoa nintzelako eta 19 urtez azpikoen selekzioko jokalariak hartzen dituztelako 20 urtez azpikoan. Dena den, hainbeste jokalari daude, hainbeste jokalari on... ez nekien deialdian sartuko al ninduten. Gainera, Munduko Txapelketa izanda oso zail ikusten nuen deialdiko jokalarietako bat ni izatea.