Dantza tradizionalak eta berriak uztartu ditu Itsasik 'Arkupean' ikuskizunean

Nerea Uranga 2022ko uzt. 18a, 08:45

Arkupean dantza ikuskizun alaia eskaini zuen atzo, igandea, Itsasi dantza taldeak Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan, Soreasu antzokian. Euskal dantza tradizionalak, moldatuak eta berriak ikusteko aukera izan zen.

Aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoaren hirugarren eta azken saioa izan zen atzo, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Atzokoan, Itsasi dantza taldeak Arkupean ikuskizuna erakutsi zuen aretoan bildutako jendearen aurrean. 25 dantzari aritu ziren oholtza gainean, eta euskal dantza tradizionalak, berriago batzuekin uztartu zituen. Musikari Itsasiko eta Juan Antxieta musika eskolako musikariak aritu ziren. Dantzarien arropa koloredunek eta dantzen bizitasunak, musikarien doinu alaiekin bat egin zuen. Ikuskizuna arku dantzarekin hasi zuten, eta arkuak eskuetan dantza eginez bukatu zuten Itsasikoek atzoko emanaldia.

Uztailaren 2an hasi ziren Azpeitian Dantzan egitasmoko saioak. Aurreneko saioa Sahatsa dantza taldeak eskaini zuen, Sahatsa Plazan izeneko emanaldia, hain zuzen ere. Uztailaren 10ean izan zen bigarren dantza saioa. Egun horretan, Dantzaki areto dantzen eskolakoek eskaini zuten emanaldia Soreasun.