Etxeko nahiz kanpoko taldeez eta askotariko musika estiloez gozatu ahalko da saninazioetan txosnetan

Nerea Uranga 2022ko uzt. 17a, 13:00
J Martina taldeak abuztuaren 1ean joko du txosnetan. (Argazkia: J Martina)

Saninazioetan txosnetan izango diren kontzertuak iragarri ditu Haujijijai festa batzordeak. Bederatzi kontzertu izango dira hiru egunetan, San Inazio bezperatik San Inazio bigarrenera.

Azpeitiko taldeak eta kanpokoak izango dira saninazioetan txosnetan. Jatorriz toki desberdinetakoak, baita jorratzen duten musika estiloan ere. Haujijijai festa batzordeak San Inazio bezperatik San Inazio bigarrenera artean bederatzi kontzertu iragarri ditu, egunean hiruna.

Uztailaren 30ean, zapatuan, Skapaie elektrotxaranga (19:00), Rudeska (22:00) eta Bada Giro (23:30) izango dira txosnetako agertokian. Skapaie elektrotxaranga joan den ekainean estreinatu zen Sanjuandegiko jaietan, eta ordutik batetik bestera gelditu ere egin gabe dabil Azpeitiko taldea.Rudeska Legazpiko (Gipuzkoa) musika taldea da, eta 2019an sortua. Ska doinuak eskainiko ditu horrek txosnako oholtzan. Talde horren atzetik dantzan segitzeko aukera izango da, baina trikiti giroan, Bada Giro erromeria taldearekin.

Uztailaren 31n, igandean, Ithaka (22:00), Ezpalak (01:00) eta Ukabil (02:30) taldeak igoko dira txosnetako oholtzara. Ithaka Orioko eta Zarauzko lau musikari gaztek osatutako taldea da, eta pop, indie nahiz rock estiloak uztartzen ditu bere doinuetan. Zestoatik etorriko da Ezpalak musika taldea txosnetara rock alternatiboko doinuak eskaintzera. Iaz, Kolpatuz Topatu izeneko bigarren diskoa aurkeztu zuen musika taldeak. Juanjo Berasainek (ahotsa), Eñaut Gaztañagak (gitarra), Unai Eizagirrek (baxua) eta Janardana Iglesiarek (bateria) osatzen dute musika taldea. Azken diskoko zortzi abestiek 90. hamarkadako musikaren eragina dute, eta erritmo rockeroak eta dantzagarriak bildu dituzte. Herriko talde batek itxiko du igandeko kontzertu sorta, Ukabil taldeak. Zubi Zaharreko lokaletan entseatzen du, eta Lantz Unanue (gitarra eta ahotsa), Jon Martinez (baxua eta koruak), Julen Briz (gitarra eta koruak) eta Markel Ibarguren (bateria) musikari gazteek osatzen dute Ukabil. Ska-reggae doinuak jorratzen dituzte.

Abuztuaren 1ean, astelehenean, J Martina (22:00), Ziakhus & Durum solo karne (01:00) eta Maixa eta Malakias (02:30) taldeak entzuteko parada izango txosnetan. J Martina Larrabetzuko (Bizkaia) eta Barañaingo (Nafarroa) hiru gaztek osatutakoa da, eta aurtengo otsailaren hasieran kaleratu zuten beren lehen diskoa: Jaio naiz baina izenekoa. J Martinaren atzetik, rap-a eta soinu instrumentalak eskainiko dituzte Ziakhus eta Durum Solo Karne-k. Astelehen gaueko azken doinuak, berriz, Maixa eta Malakiasek joko dituzte.