Betiko ur festarekin eta ikusminarekin itzuli da baltsa jaitsiera

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 16a, 13:23

Dozenatik gora baltsak eta kuadrillak festa giroz, umorez eta kolorez bete dituzte plaza eta Urola ibaia, Gaztetxearen XVII. urteurreneko ospakizunen bigarren egunari ekiteko.

Ura, kolorea, imajinazioa, umorea, parodia eta festarako gogoa uztartu ditu aurten ere Gaztetxeak bere urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan antolatu duen baltsa jaitsierak.

Uztail erdialdean ohikoa bihurtu zen aspaldi herriko gazte kuadrillek beren baltsekin egiten duten festa, eta aurten ere ikusmina piztu du: dozenaka herritar elkartu dira Urola ibaiaren bazterretan baltsa jaitsiera jarraitzeko. Igerilekua, igerilekuko perretxikoa, San Inazio, zezen plaza bere torero eta zezenarekin, Korrugados –horrela, K-rekin–, Frontoi Txikia, Yoyola –hori ere, horrela–... Urrutira joan gabe topatu dute baltsetarako dekorazioa kuadrilla gehienek. Plazan hasi dute festa, beren tramankuluak jendaurrean jarrita, hamaiketakoa eta lehen jolasak nahastuz. Uretarako hobea zegoen, ordea, eguraldi beroa, eta Azoka Plazako zubipetik Urolan behera abiatu direnean 'lehertu da festa'.

Gaztetxearen urteurrena ospatzeko bigarren egunak aurrera darrai. Gaztetxean bertan egingo dute bazkaria, eta arratsaldean eta gauean musikarik ez da faltako, ez kalean, ez Gaztetxean bertan. Hauek dira gelditzen zaizkien hitzorduak:

14:30. Bazkaria.

18:00. Skapaie elektrotxarangarekin kalejira.

21:00. Pizza jana.

22:00. Kontzertuak: TOC, Mehatxuka, Tiratxinas, Dj Atenenas.