Festa giroan bukatu da Gaztetxearen futbito txapelketa

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 16a, 10:09

Txifor taldeak irabazi zuen ligako finala, eta Sarraskik kopakoa. Gaztetxearen XVII. urteurreneko ospakizunen lehen hitzordua izan zen atzokoa. Gaur jarraituko dute ospatzen, egun osorako egitarauarekin. 

Plaza jendez beteta zela eta festa giroan jokatu zituzten atzo iluntzean Gaztetxeak antolatutako euskal presoen aldeko futbito txapelketaren bi finalak. Lagunarteko kirol lehia jarraitu bitartean sabela betetzeko aukera izan zuten ikusleek, plazan bertan egin zuten parrilladari esker. 

Futbito txapelketan, kopako finala jokatu zuten aurrena, eta Sarraski taldeak mendean hartu zuen Dandelion. Ligako finalean, berriz, Txiforrentzat izan zen garaipena, Ekuprix taldearen aurrean.

Gaur egingo dute futbito txapelketaren sari banaketa. Izan ere, Gaztetxearen XVII. urteurrenaren ospakizunen lehen hitzordua izan zen atzokoa, eta gaur egun osoz jarraituko dute ospatzeb, egitarau honekin:

11:00. Baltsen erakusketa eta hamaiketakoa, plazan.

12.00. Baltsak uretara!
14:30. Bazkaria.
18:00. Skapaie elektrotxarangarekin kalejira.
21:00. Pizza jana.
22:00. Kontzertuak: TOC, Mehatxuka, Tiratxinas, Dj Atenenas.