Bihar zabalduko dute Baigera I taberna-jatetxea

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 15a, 12:31
Leire Goenaga udal ordezkaria eta Kathia Raquel Salinaz, Baigera I-en terrazan. (Azpeitiko Udala)

Kathia Raquel Salinaz izango da jatetxea kudeatuko duen herritarra, eta bihar, zapatua, inaugurazioa izango da 18:00etatik aurrera. Igandetik aurrera ohiko jarduna izango da bertan.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, Baigera I taberna-jatetxea zabalik egongo da berriro bihartik aurrera. Hamabost eguneko berritze lanak eta eskualdatzea gauzatu berri, Kathia Raquel Salinaz izango da negozioa kudeatuko duen herritarra, eta bihar, zapatua, inaugurazioa egingo dute 18:00etatik aurrera; herritar orok izango du biharko irekiera ekitaldira agertzeko aukera.

Eguneroko jarduna igandean berreskuratuko du, beraz, Baigera I-ek, eta 09:00etatik iluntzera arte egongo da irekita. Bertan, kafetegi eta taberna zerbitzua eskainiko dute, eta mota guztietako otorduak egiteko aukera ere izango da: gosariak, hamaiketakoak, bazkariak, afariak eta bestelakoak. 

Udalak azaldu duenez, "inguruarekin eta ekipamenduaren ezaugarriekin bat datorren zerbitzua" eskainiko dute Baigera I-en, eta bezeroak euskaraz atendituko dituzte. Horrez gain, jatetxean bertako produktuak eskaini beharko dituzte, eta adinekoentzat Baigerako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako tarifa bereziak ezarri beharko dituzte.

Era berean, adin txikikoei ezingo diete alkoholdun edaririk saldu, eta ezingo da erre establezimenduan. Halaber, prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai izan beharko dira, eta erreklamazio orriek eskura egon beharko dute.