Tiratxinas musika taldea, oholtzan gozatzeko gogoz

Musikarako zaletasunak elkartuta Tiratxinas musika taldea sortu berri dute Aitor Azpiazuk, Josu Artetxek, Pello Arruek, Ibon Aiertzak, Ion Unanuek eta Manex Odriozolak. Gaztetxeko Bertsio Gauan parte hartzeko elkartu ziren aurrenekoz, eta leku berean eskainiko dute lehen kontzertua Tiratxinas gisa. Argi dute: “Musikarekin gozatzea eta ondo pasatzea da taldearen helburua”.

Musika talde berri bat sortu dute Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo sei gaztek: Tiratxinas. Aitor Azpiazu (ahotsa), Josu Artetxe (bateria), Pello Arrue (gitarra), Ibon Aiertza (baxua), Ion Unanue (gitarra) eta Manex Odriozola (ahotsa) dira Tiratxinasen atzean dauden kideak, eta, besteak beste, punk-OI! musikarako zaletasunak elkartu ditu.  

Azpiazuk eta Unanuek lehen aldia dute musika talde batean; gainerakoak, hainbat musika taldetan aritutakoak dira, hala nola Verräter, Belar Txarrak eta Istilu taldeetan. Orain, Tiratxinas izena hartu dute, eta bihar, larunbatez, lehen kontzertua eskainiko dute Azpeitiko Gaztetxean. Oholtzara igotzeko "prest eta gogotsu" daude, haien hitzetan "asko itxarondako eguna baita". Tiratxinaseko musikariekin elkartu da Erlo Telebista, taldearen nondik norakoez eta asmoez gehiago jakiteko.

Bertsio Gaueko uzta

Dagoeneko bi dira aurtengo Bertsio Gauaren ostean jaiotako musika taldeak: Skapaie elektrotxaranga eta Tiratxinas. Bi talde horiek parte hartuko dute Gaztetxearen 17. urteurreneko larunbateko egitarauan. Skapaiek Alde Zaharreko kaleak alaituko ditu 18:00etatik aurrera. Tiratxinasek, aldiz, gauean eskainiko du kontzertua Gaztetxean bertan. 

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide