Unai Urbizu eta Iñigo Unanue, Intz-Zuhatz mus txapelketan garaile

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 14a, 10:26
Joxino, Unai, Iñigo eta Aitor, sariak jasotzen.

Iñigo-Unai eta Aitor-Joxino bikoteek jokatu dute Intz eta Zuhatz tabernek antolatutako lehen mus txapelketaren finala. Irabazleek txapela eta mila euroko saria jaso dituzte, eta azpitxapeldunek 350 euroko saria. 

Intz eta Zuhatz tabernek antolatutako lehen mus txapelketa jokatu dute azken asteotan herriko hainbat muszalek, eta atzo amaitu zuten lehia. Hain zuzen ere, Iñigo-Unai eta Aitor-Joxino bikoteek jokatu zuten final handia, Intz tabernan, eta azkenean, lehen bikotea izan zen irabazlea. Haiek eskuratu dituzte, beraz, txapela eta mila euroko saria. Azpitxapeldunek, berriz, 350 euroko saria jaso dute. 

Guztira, 32 bikotek parte hartu dute Intz-Zuhatz mus txapelketan, eta zazpi asteko iraupena izan du lehiak. Asteazkenero-asteazkenero jokatu dituzte partidak, eta pixkanaka-pixkanaka, partaideak txapelketatik kanpo geldituz joan dira, arik eta neurketa gehien irabazi dituztenak finalera iritsi diren arte.