Atzera begira

Musikaren bidean, batera

Elena Marguello 2022ko uzt. 28a, 09:53
Joseba Izagirre, Aitzol Etxaniz, Pello Arribas eta Aritz Unanue, Izei taldeko kideak. (Izei)

Gaztetan ekin zioten musikaren bideari Pello Arribasek, Joseba Izagirrek, Aritz Unanuek eta Aitzol Etxanizek, eta ordutik, elkarrekin edota beste kide batzuekin, hainbat taldetan aritu izan dira. Segabathor, Arantzetan, Vostok 108 edota Izei dira elkarrekin eraiki dituzten taldeak, eta urteetan hainbat bizipen eta anekdota batu dituzte metal doinuak sortu bitartean. Musikaren aitzakian, hainbat txoko ezagutu eta oroitzapen ederrak bildu dituzte bizitako esperientzien bueltan, gaur arte. 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian aletu dituzte horietako batzuk, Atzera begira atalean.

Laukote horrek berak osatzen du orain dela sei urte sortutako Izei musika taldea. Sasoi hartan, musika beren bizitzetan "stand by egoeran" zegoela dio Arribasek, eta elkarrekin egoteko "aitzakia" izan zela berriro akordeen bueltan gelditzen hastea. Hasieran, Arribas eta Unanue hasi ziren elkartzen, baina berehala ohartu ziren "bi bakarrik" izateak "asko mugatzen" zuela dinamika hura. Hainbat pertsonekin egin zuten taldea osatzeko saiakera, eta azkenean, gertuko pertsona bat batu zen taldera: Izagirre. "Taldeak martxa ona izan zezan, bizimodu antzekoa izatea eta lagunartean egotea nahi genuen. Joseba, Pello eta ni beti moldatu izan gara ondo; elkar oso ondo ezagutzen dugu", azaldu du Unanuek. Izan ere, gaztetatik hainbat taldetan elkarrekin aritutakoak dira hiruak. Etxaniz, berriz, Old Bridge diskoa grabatzen ari zirela ezagutu zuten; baxua jotzen zuen pertsona baten bila ari zen hirukotea, eta horrela animatu zen laugarren hori Izei taldeko partaide izatera.

Behin taldeari forma emanda, gaur egun, asteartero gelditzen dira Zubi Zahar lokalean entseatzeko; bi orduko saioa egiten dute han. "Denbora gutxi" dela diote, baina bi ordu horietan "dena" ematen dutela adierazi dute. "Niretzako, terapia moduko zerbait da entseatzeko momentua", esan du Izagirrek.

Ia hogei abesti ditu Izei taldeak, eta nahiz eta "zaila" egiten zaien "etiketak" jartzea, beren musika metal estiloaren barruan kokatzen dela uste dute: "Hala ere, gure musika melodikoa izan dadin saiatzen gara". Zertan inspiratzen diren galdetuta, Iron Maiden, Metallica, Su ta Gar, Alter Bridge, Breaking Benjamin, Latzen edota Berri Txarrak taldeak entzuten dituztela erantzun dute, baina pop musika ere entzuten dutela aitortu dute, izan Izaro edota Izaki Gardenak. "Erdaraz kantatuko bagenu, Heroes del Silencio edo Sober taldeen antza izango genuke", ziurtatu du Unanuek.

Umorez kontatu dute taldearen izena nondik datorren. Egun batean, Izagirre zuhaitzei buruzko zerbait kontatzen ari zela, "izei" hitza aipatu zuen, eta taldearentzat izen egokia izan zitekeela pentsatu zuen Unanuek: "Izen polita iruditu zitzaidan, eta besteei ez zitzaien ezer gehiago bururatu", azaldu du barrez.

Joseba Izagirre eta Pello Arribas, Izeiren entsegu batean. (Elena Marguello)

Izenarena ez da barrez kontatzen duten anekdota bakarra. Izan ere, Arribasek, Izagirrek eta Unanuek hamabi urte egin zituzten aurrez Segabathor taldean, eta talde haren izenak ere eman zuen zeresana. Beste taldekide batek proposatu zuen izen hura, eta gainerako taldekideen erantzunak honako hauek izan ziren, besteak beste: "Hori nola jarriko diogu ba" edota "hori oso zatarra da". Izena erabakitzeko zirela, Izagirreri elkarrizketa bat egin zioten, eta elkarrizketatzaileak taldearen izenaz galdetu zionean, taldeak Segabathor izena zuela erantzun zuen hark: "Lokalera etorri zenean eta hori kontatu zuenean, taldeak Segabathor izena eduki behar zuela erabaki genuen", gogoratu du Unanuek irribarrez.

1998an eman zuten lehenengo kontzertua Segabathor taldearekin, Loiolako San Jose festetan, Xanadu tabernan. Lehen kontzertu hartara "jende dezente" bertaratu zela oroitu dute. "Garai hartan, jende asko mugitzen zen Segabathor taldearen bueltan; gure lagunak-eta beti etortzen ziren kontzertuetara. Garai polita izan zen", kontatu du Izagirrek.

Xanadutik Kubara

Herrian bertan kontzertuak emateaz gain, urruneko lurrak ere zapaldu zituzten talde hartako kideek. Segabathor taldeko kide batek Kubara bidaiatu zuen 2004an, lagun batzuk egin zituen han, eta Azpeitiara itzuli zenean, hurrengo urtean Kuban kontzertua eskainiko zutela esan zien taldekieei. Izagirrek dioenez, "inork" ez zion kasurik egin. Denbora batera, ordea, Kubako jaialdi batean parte hartzeko gonbidapena iritsi zitzaien Segabathorrekoei, eta "harrituta" gelditu baziren ere, guztiek "baietz" esan eta hara joan ziren 2005. urtean.

Astebete egin zuten Kuban, eta zazpi egun haietan "rock izarrak bezala" sentitu zirela kontatu du Unanuek: "Segabathor ez zen izan behin ere talde ezaguna. Lehiaketaren bat-edo irabazi genuen, baina sekula ez genuen arrakastarik eduki". Kuban, ordea, bestelakoa izan zen musikarien esperientzia. "Garai hartan ez zen inor joaten Kubara, diru asko gastatu behar zelako han kontzertu bat emateagatik. Dena den, joaten zirenak besoak zabalik hartzen zituzten", gogoratu du Unanuek. Audioslave taldearen ondoren igo ziren taula gainera, eta oraindik oroitzen dira Arribasek eszenatokian autografo bat sinatu zuela edota jendea azpeitiarrekin trago bat hartzera beren hotelera gerturatu zela. Kubakoa dute "oroitzapen ederrenetariko bat".

Senperen, Baionan, Oñatin, Azpeitian, Azkoitian, Zestoan, Soraluzen, Bilbon, Eibarren nahiz Donostian, hainbat festatan edota gaztetxetan eman zituzten kontzertuak Segabathorrekin. Arribasen hitzetan, ez zuten "sekulako osperik" izan, baina taldea mugitzen zen munduan "nahiko ezagunak" zirela uste du. Hiru disko kaleratu zituen taldeak.

Hala ere, talde hark badu oraindik ere hit moduko kanta bat: 1999an grabatu zuten Azkoitiko Andremari jaietakoa. Festak hasi baino astebete lehenago kantaren kopiak atera eta tabernaz taberna banatu zituzten CDak: "Abestia atera genuen lehenengo urte hartan bost kantatik behin gurea entzuten zen tabernetan; arrakasta izan genuen", gogoratzen dute zoriontasunez taldekideek.

Segabathor taldea "itzaltzen" joan zen pixkanaka, eta Arantzetan izan zen elkarrekin sortu zuten hurrengo taldea. Proiektu akustikoa izan zen hura, eta bertsioak eta taldeak sortutako kantak jotzen zituzten. Aurrerago, berriz, Vostok 108 taldean hasi ziren Arribas eta Unanue.

Segabathor taldekoak Kuban. (Utzitakoa)

Arribasen esanetan, Vostok 108 taldearekin "inbertsio handia" egin zuten, "estatu mailan" jardun nahi baitzuten. "Furgonetan Espainia zeharkatzea tokatu zitzaigun talde harekin, eta horretara animatu ginenen artean osatu genuen taldea", esan du Unanuek. Malagan, Bartzelonan edota Madrilen igo ziren oholtzara, eta asteburu batean hiru kontzertu jotzera iritsi ziren. "Presio handiagoa" zutela gogoratzen du Arribasek: "'Kontzertuak eman behar ditugu asteburuan: bazatoz ala ez?'. Horrela funtzionatzen genuen".

Ekinez ikasita

Izagirrek, Unanuek eta Arribasek beren kasa ikasi zuten musikaz dakiten guztia. Izagirrek dioenez, musika "asko" gustatzen zitzaion, eta gaztea zela gitarra jotzen zuen lagun bat bazuenez, hala "katigatu" zen musikara. Unanuek ere gogoan du nola hasi zen baxuarekin lehenengo urratsak egiten: "Baxua, kasete bat eta liburu bat erosi nituen. Lehenengo entsegura joan nintzenean ez nekien ezer. Koadernoan zenbakiekin hartu nituen apuntetxo batzuk, eta hurrengo asterako haietatik ikasten nituen kantak".

Ekinez, hainbat entsegu eginez eta beste hainbeste kontzertu emanez, eszenatokiz eszenatoki egin dute bidea Arribasek, Izagirrek, Unanuek eta Etxanizek, eta aurrera begira "irteten dena", baina beren "mailan" egingo dutela azaldu dute: "Kontzerturen bat emateko aukera baldin badugu eta ondo badatorkigu, eman egingo dugu, eta bestela, ez gara konplikatuko", azaldu du Arribasek.

Plazaratu berri duten diskoarekin oso gustura dago Izei taldea osatzen duen laukotea. Are gehiago, Izagirreren ustez, orain arteko "ederrena" da kaleratu berri duten lana.