Historiaz betetako agertokia, munduan zehar bidaia eta euskal kantak, 'Udako musika printzak' zikloari ekiteko

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 9a, 14:00

Atzo gauean hasi zen Udako musika printzak kontzertu zikloa, Ignacio Arakistainen, Garazi Navasen eta Maria Martinen emanaldiarekin. 180 urte beteko dituen Azpeitiko garbitokian eskaini zuten kontzertua hiru artistek, bertaratu zirenen gozamenerako. Dotore jantzi zuten garbitokia, emanaldi ezin dotoreagoa hartzeko. Hurrengo ostiralean eskainiko dute kontzertu zikloaren barruko bigarren emanaldia. 

Ezin zitekeen gutxiago espero. Beste urte batez, magiaz beteta iritsi da Udako musika printzak egitasmoa Azpeitira. Iaz bezala, agertoki ezin bereziagoan eman zioten hasiera kontzertu zikloari atzo, ostiral gauez. Joan zen urtean Basazabal jauregiaren ataria jantzi zuten musikaz, eta, aurten, 180 urte betetzear dagoen Azpeitiko garbitokia. Han eskaini zuten kontzertu zikloaren barruko lehen emanaldia Ignacio Arakistainek, Garazi Navasek eta Maria Martinek. 

Garbitokia dotore jantzi zuten hitzordurako: uraren gainean muntatu zuten agertokia, argi koloretsuz argiztatu zuten, eta Pablo Soraluzeren eskulturez apaindu. Bertaratu ziren herritarren ahotan izan zen garbitokiaren itxura, dotore eta eder baitzegoen atzokoan. Erlojuak 21:00ak jo ostean hasi zen emanaldia, aurreikusita bezala. Ordurako jende ugari zegoen garbitokian, emanaldia noiz hasiko zain. Oholtzara igo ziren artistak zerura begira ere bazeuden, eguraldiak lagunduko zuen esperoan. 

Hiru zatitan banatu zuten atzoko emanaldia. Aurrena, Frantzia aldera jo zuten, doinu frantsezak bere eginez. Argentinara ere bidaiatu zuten, Astor Piazzollaren piezak eskainiz. Espainian ere egin zuten geldialdia, Antonio Solerren eta Fernando Obradorsen doinuak herrira ekarrita. Amaitzeko, euskal kantak eskaini zituzten, ezin ederrago armonizatuta. Besteak beste, Aita Donostiaren, Xabier Leteren eta Juan Carlos Perezen abestiak eskaini zituzten atzokoan. 

Arakistainen pianoak eta Navasen akordeoiak ireki zuten emanaldia, Yann Tiersenen Le Moulin piezarekin. Jarraian igo zen oholtzara Maria Martin, Arakistainekin batera Francis Poulencen Chanson d’Orkenise eta Hôtel eskaintzeko. Antonio Solerren eta Fernando Obradorsen doinuak eskaini ostean hartu zuen mikrofonoa Arakistainek aurrenekoz, bertaratutakoei eta egitasmoa posible egiteko lanean aritutakoei eskerrak emateko. Guztira, hemezazpi pieza eskaini zituzten atzokoan, eta honako hauek dira batzuk: Minué, Hirugarren kontzertua Sol maiorren, (Antonio Soler), Con amores la mi madre, Del cabello más sutil, Chiquitita la novia (Fernando Obradors), Verano Porteño (Astor Piazzolla), Goizian goiz jeikirik, Lua, lua, Atzo ttun-ttun (Aita Donostia), Cuatro canciones vascas laneko Ay Isabel, Isabel, Anderegeya, Loa-loa eta Aldapeko mariya, Primavera porteña (A. Piazzolla), Yo soy María (Piazzola), Marie Trottoir eta La vie en rose (Edith Piaf), Habanera eta Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete) eta Lau Teilatu (Juan Carlos Perez).

Beste bi emanaldi, aurretik

Uztailaren 15ean jarraituko dute Udako musika printzak zikloarekin. Ordu eta leku berean izango da The Chickpeas jazz taldearen kontzertua. Ion Dorregarai, Pablo Lopez Barrios, Jon del Campo eta Maialen Tellabide musikariak izango dira han.

Hirugarren eta azken emanaldia, berriz, hilaren 16an, larunbatez, izango da Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako Bakardadearen kaperan. Irungo Iga gazteen abesbatzaren txanda izango da egun horretan, eta abeslariak Eneko Amundarainen gidaritzapean ariko dira. Emanaldietarako gonbidapenak honako lotura honetan eskuratu ahal izango dira.