Gauerditik goizaldera bitartean igaro dira Ehunmilakeko parte hartzaileak Azpeititik

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 9a, 09:33

Madariagatik Xoxotera igota iritsi ziren korrikalariak Azoka Plazako anoa eta kontrol postura, gauerdiaren bueltan aurrenak eta goizaldeko ordu txikitan gainerakoak. Azoka Plazara iritsi zen lehen korrikalaria Javi Dominguez izan zen, eta emakumeetan Elena Calvillo.

Ehunmilak probako parte hartzaileak bart pasatu dira Azpeititik. Madariagatik Xoxotera igota iritsi ziren korrikalariak Azoka Plazako anoa eta kontrol postura, gauerdiaren bueltan aurrenak eta goizaldeko ordu txikitan gainerakoak. Probaren herenaren bueltan eginda heldu dira haiek Azpeitira, eta Xoxoten ez ezik, plazan ere herritarren animoak jaso ahal izan zituzten. Irudi ikusgarria ikus zitekeen, gainera, plazatik: argi ilara luzea, Xoxoten behera.

Azoka Plazara iritsi zen lehen korrikalaria Javi Dominguez izan zen, hara arteko ibilbidean sei ordu eta bi minutu igarota. Bigarren, berriz, Jonathan Cuesta, eta hirugarren Sergio Luis Tejero. Gero iritsi ziren Igon Manzisidor eta Ander Erice, baita beste dozenaka eta dozenaka kirolari ere. Emakumeetan Azpeitiko Azoka Plazara iristen aurrera Elena Calvillo izan zen, eta haren atzetik Oihane Perez. Bestalde, kontrol eta anoa postura iritsi zen lehen herritarra Jose Luis Albizuri izan zen.

168 kilometroko proba da Ehunmilak, eta Gipuzkoako mendirik garaienak zeharkatzen ditu ibilbideak, hala nola Txindoki, Ganbo, Aizkorri, Erlo, Izaspi eta Hernio. Lasterkariak atzo atera ziren Beasaindik (18:00), eta gaur arratsaldean iritsiko dira aurrenak Beasaingo helmugara. 2019an Jon Aizpuruk ezarri zuen errekorra, ibilbidea 22 ordu, 21 minutu eta 54 segundotan osatuta.

(Argazkiak: Nerea Uranga)

Erlazionatuak