4.500 herritar familia mediku gabe

Ihintza Elustondo 2022ko uzt. 20a, 10:20
Azpeitiko anbulatorioa. (Kris Fernandez)

Gaur-gaurkoz, hiru familia mediku falta dira Azpeitiko anbulatorioan; hau da, 4.500 herritar familia medikurik gabe daude. Osakidetzak dio "arreta une oro" bermatuta dagoela, baina zenbaitek ezbaian jarri dute ematen den zerbitzuaren kalitatea. Osasun langileak "kokoteraino" daude, egoera luzatzen ari delako, eta herritarrak, udal ordezkariak eta Baigera elkartekoak kezkatuta.

Une honetan, Azpeitiko osasun zentroan hiru familia mediku falta dira; hau da, hamar lanaldi eta erdirekin egin ohi duten lana zazpi eta erdirekin ari dira egiten. Gaur-gaurkoz, 4.500 herritar inguruk ez dute familia medikurik; lanean ari diren gainontzeko familia medikuek ematen diete zerbitzua herritar horiei guztiei, orain batek eta hurrengoan beste batek. Aspalditik ari dira osasun langileak lehen arretan bizi duten egoera salatzen –hainbat protesta egin dituzte anbulatorioaren atarian–, eta herritarrak ere hasi dira gaiaren inguruko hausnarketak plazaratzen; besteak beste, lehen arreta indartzea eskatzeko mozioa aurkeztu zuen martxoan Baigera jubilatuen elkarteak. Azkenaldian, harrabotsa eragiten ari da gaia, eta egoeraren ertzak aztertu nahi izan ditu hedabide honek, familia medikurik ez duen herritar baten kexa jaso ostean.

Osakidetzak azaldu duenez, medikuen "gaixo baimenak, lekualdaketak eta erretiroak" tarteko sortu dira hiru hutsune Azpeitiko anbulatorioan. Duela gutxi, lanpostu huts horiek betetzeko deialdia egin zuen Osakidetzak, baina postu horiek ez dira bete, "eskatzaileen kopurua eskainitako plaza kopurua baino txikiagoa delako". Osakidetzak dioenez, familia medikuntzako langileak falta dira, baina erakunde horren arabera, garrantzitsuena da "asistentzia beti bermatuta" dagoela. Izan ere, "Azpeitiko biztanleei profesional baten arreta jaso ahal izateko aukera emango dien zerbitzua" antolatu dute: "Pertsona bakoitza haren egoera ondoen kudeatuko duen profesionalarengana bideratzen dugu, pazientea osasun zentrora eraman duen arazoa ezagutuz eta profesional egokienarengana orientatuz". Gainera, Osakidetzak adierazi du "beste profesional batzuekin" indartuko dutela osasun arreta.

Arreta une oro bermatzeko modua egin duten arren, hedabide honek baieztatu dituen datuen arabera, Azpeitiko biztanleria eta osasun zentroak ematen dituen zerbitzuak kontuan izanda, 12,5 familia medikuk lan egin beharko lukete anbulatorioan –hori onartuta dago Osakidetzako gerentzian–. Dena den, errealitatea bestelakoa da gaur-gaurkoz: Azpeitiko anbulatorioko langile taldea 10,5 lanaldikoa da, eta gaur egun, 7,5 ari dira lanean; beraz, onartutakoa baino bost langile gutxiago. Lanaldi horietako bat kontsultategietakoa da (Errezil eta Urrestilla), eta lanaldi erdia San Martin egoitzako medikuarena.

Familia medikuak falta izateak pazienteen jarraipena egiterakoan eragiten du, batez ere, aldian-aldian mediku ezberdinek artatu ohi dituztelako hainbat eta hainbat herritar. Era berean, lanean ari diren familia medikuen lan kargan ere eragin zuzena du horrek. Izan ere, mediku bakoitzak 1.500 pazienteko kupoa izan ohi du batez beste, eta medikuen falta tarteko, artatu beharreko paziente kopurua nabarmen igotzen zaio mediku bakoitzari –horiek artatzen dituzte familia medikurik ez duten 4.500 herritarrak–.

Udal ordezkariak, konponbide bila

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak adierazi du Udal Gobernua "oso kezkatuta" dagoela Azpeitiko anbulatorioko egoera dela eta. Haren arabera, egungo hiru langileen hutsuneak gaixo baimen luzeen ondorio dira, eta Osakidetza saiatu da horiek ordezkatzen. "Apirila-maiatzean egin zuten lanpostu horiek bitarteko medikuz betetzeko deialdia, baina hutsik gelditu ziren postuak. Irailean berriro egingo dute deialdia, baina arrisku handia dago berriz ere postuak hutsik gelditzeko", esan du.

Azpeitiko anbulatorioan 24 orduko arreta eskaintzen dute, eta zinegotziak adierazi duenez, egungo errealitatea tarteko, udan anbulatorioa itxi beharko ote zuten beldur ziren zentroko arduradunak. Dena den, zerbitzua eman ahal izateko, irailera bitarterako antolaketa egin dute, eta azkenean, moldatu dira. "Irailera bitartean, larrialdietako medikuekin beteko dituzte hutsuneak; ordu estrak sartuko dituzte haiek Azpeitiko beharrei erantzuteko. Harreran ere administrari gehiago jarri dituzte, haiek filtratze lana egin eta medikuek denbora gehiago izan dezaten pazienteak artatzeko".

Errealitate hori tarteko, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin harremanetan jartzea erabaki zuen Udal Gobernuak, eta idatzi formal bat aurkeztu zuen maiatzaren 10ean, egoeraren berri emanez: "Azpeitiko osasun zentroaren egoeraren inguruko balorazioa egiteko eta biztanleriari erantzun duin bat emateko beharrezko neurriak hartzeko eskatu genien", azaldu du Goenagak. Ekainaren 1ean erantzun zioten, eskaera kontuan hartuko zutela esanez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak sinatuta. Horrez gain, gaia Eusko Legebiltzarrean lantzea ere nahi zuen Udal Gobernuak. "Legebiltzarreko Osasun Batzordean parte hartzen duten kide denei helarazteko idatzi bat aurkeztu dugu". Egoera zein den azaldu eta neurriak hartzeko eskatu dute idatzi horren bidez ere. Dena den, Goenagak argi utzi nahi izan du udalak egin dezakeen "gauza bakarra presioa egitea" dela, ez daukalako "inolako eskumenik" medikuen kontratazioan. "Profesionalen kudeaketa Jaurlaritzaren esku dago", esan du.

Egungo errealitatea "planifikazio faltaren ondorio" dela uste du Goenagak. "Aurreikus zitekeen profesionalak faltako zirela. Gainera, planifikazio hori orain egiten hasten ez badira, arazoa areagotu egingo da, datozen urteetan osasun langile pila bat jubilatuko baitira". Era berean, garrantzitsua iruditzen zaio lehen arretako lanpostuak "erakargarri" egitea. "Bestela pribatizaziorako bidea zabalduko da, eta guk hori ez dugu onartzen inondik inora. Horrek herritarren artean desberdintasunak eragiten ditu eta ukatu egiten du osasunerako eskubidea".

EAJren udal taldeak uste du baten batzuk "mauka politikoa" bilatu nahian ari direla lehen arretaren kontuarekin. "Osakidetzak lehen mailako osasun zerbitzua izaten jarraitzen du, eta guk ez dugu partekatzen planteamendu katastrofistarik", esan du Amaia Etxeberria EAJren udal bozeramaileak. Haren arabera, Osakidetza "ahalegina" egiten ari da lehen arretako medikuak kontratatzeko, "inon baino baldintza hobeak eskainiz", baina "Espainiako Ministerioaren aspaldiko aurreikuspen okerren ondorioz, ez dago lehen arretan ibilbidea egin nahi duen mediku nahikorik".

Haren iritziz, bien bitartean, "ahalegin berezia egin eta baliabideak berrantolatu" beharko dira, azpeitiarrek behar duten zerbitzua jaso dezaten: "Politikan demagogia egitea erraza da, eta negatibitatearen errentaren zain ibiltzea erraza. Lehen arreta prestigiatzen saiatu beharko genuke denok, eta herri konpromiso gisa hartu mediku berriak lortzen saiatzea". Gainera, Azpeitiko Udal Gobernuak egoera honen aurrean zuzeneko ardurarik ez duen arren, "zeharkako ardura" baduela uste du. "Pertsonen ongizatearekin eta osasunarekin ezin dugu populismoetan erori. Sistema hobetzeko, egin dezagun lana guztion indarrak uztartuta, Euskal Herri osoak, eta bereziki Azpeitiak, merezi du eta".

Baigeraren mozioa

Osasun sistemak bizi duen afera tarteko, Baigera jubilatuen elkarteak udalera eraman du gaia: Lehen arretaren krisia Azpeitian izeneko mozioa aurkeztu zuen martxoko udalbatzarrean. Besteak beste, udalari eskatu zion "osasun baliabide eta langile gabeziak osa ditzan" exijitzeko Eusko Jaurlaritzari. EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin onartu zen mozio hura. EAJk kontra bozkatu zuen, Baigerarekin elkartutakoan alderdiak elkarteko kideei egindako ekarpenak "ez zituztelako kontuan hartu eta ez zutelako eman biderik adostasunera iristeko".

Laxaro Azkune Baigera jubilatuen elkarteko kideak azaldu duenez, medikurik gabe dauden herritarrak "ziurgabetasun egoeran" daude. "Lehen konfiantza ematen zioten beren familia medikuak, eta orain falta dute konfiantzazko pertsona hori". Horrek Osakidetzaren zerbitzua "asko eskasten" duela uste du hark. Gainera, Azpeitiko anbulatorioan hainbat espezialista falta direla gogorarazi du. Egoera horren aurrean, herritar ugari aseguru pribatuak egiten ari direla nabarmendu du, eta horrek herritarren artean desberdintasunak sortzen dituela erantsi: "Dirua daukanak egingo du, eta ez daukanak izorratu egin beharko du, beti bezala".

Datu bat jarri du mahai gainean Baigera elkarteko kideak: "Munduko Osasun Erakundeak dio lehen arretan Osakidetzaren aurrekontuaren %25 inbertitu behar litzatekeela, eta hemen %14 inbertitzen da". Egoera horren aurrean, erantzukizuna Jaurlaritzarena dela uste du Azkunek. "Baina haiek ez badute ezer egiten, gizarteak mugitu beharko du", dio.