Gauerdian iritsiko dira Ehunmilakeko lehen lasterkariak Azpeitira

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 8a, 12:29
2019ko Ehunmilak proban ere Azoka Plazan izan zen anoa gunea.

18:00etan hasiko da lasterketa Beasainen, eta Goierri aldean ibilita, Azpeitira gauerdiaren bueltan iritsiko dira lehen korrikalariak. Ehunmilaken antolakuntzak probaren zuzeneko emankizuna egingo du hainbat tokitatik; tartean, Azpeititik.

Gaur, 18:00etan, hasiko da Ehunmilak proba ezaguna Beasainen (Gipuzkoa). Urtero gisan, Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo lurretatik igaroko da proba, eta asko izango dira 168 kilometroko lasterketan parte hartuko duten eskualdeko biztanleak.

Goierrin barrena ibilita, Elosuatik barrena iritsiko da proba Urola Kostara. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Elosuara 21:10 aldean iritsiko da lehen lasterkaria, eta Madariagara, berriz, 22:35 inguruan. Azpeitiko Azoka Plazan anoa postua muntatuko dute, eta lehen parte hartzailea hara 23:50 aldean iritsiko da. Azpeitian indarrak hartuta, Errezil aldera joango dira korrikalariak; hain zuzen ere, 01:40 bueltan iritsiko da lehen lasterkaria Zelatunera.

Ehunmilaken webgunean lasterketaren zuzeneko emankizuna egingo dute, eta 23:00etan hasiko dira ematen Azpeitiko lurretako irudiak; Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango dira irudiok.