Iker Ezama: "Aurten ez dut batere presiorik, badakit-eta ez dudala bukatuko"

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 8a, 12:30
Iker Ezama UTMB probaren hasieran. (Utzitakoa)

"Presiorik gabe" eta bost ediziok emandako eskarmentuarekin, Ehunmilak proban parte hartuko du Azpeitiko bizilagunak. Ez daki proba bukatu ahal izango duen, baina bidean utziko du sorpresarik.

Mendi lasterketetan badu esperientzia Iker Ezamak (Errezil, 1981), eta esperientzia hori baliatuko du gaur Ehunmilak proban. Ez du helburu zehatzik, ezta helmuga zehatzik ere; Xoxotera, behintzat, iristea, horixe du buruan.

Ehunmilak proban parte hartuko duzu. Ez duzu lehen aldia, ezta?

Proiektuaren barruko probetan bost aldiz parte hartu dut, 2013az geroztik; hirutan G2H proban, eta aurten hirugarren aldiz aterako naiz Ehunmilaken. Denak ez ditut bukatu, baina…

Zer-nolako esperientziak bizi izan dituzu?

G2H bukatu egin nuen 2013an eta 2015ean, nahiz eta hanketatik eta tripetatik sufritu. 2018ko G2Hrako oso ondo prestatu nintzen, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten proba. Beraz, egitekoen zerrendan daukat G2Hren beste edizioren batean parte hartu eta arantza kentzea. Ehunmilak lehen aldiz 2016an egin nuen, eta 135. kilometroan erretiratu nintzen, ez bainuen erritmorik. 2017an ondo prestatu nintzen, eta bukatu egin nuen, 35 ordutan eta 58 minututan. 2019an Mont Blanceko UTMB egin nuen, eta ezin izan nuen Ehunmilaken parte hartu.  Aurten, berriz, ikusiko dugu…

Zer du berezia Ehunmilakek?

Esperientzia oso onak bizi izan ditut lasterketa horretan; egin beharreko proba dela uste dut. Etxetik gertu halako lasterketa bat egin ahal izatea izugarria da, eta aipatzekoa da probaren antolakuntza taldea, baita horien eskuzabaltasuna ere. Parte hartzaile guztiok gauza bera esaten dugu, eta zerbaitegatik izango da.

Probaren atarian, nola sentitzen zara?

Beste urteetan gehiago begiratu izan diot denborari, nahiz eta ez naizen erlojuaren aurka aritzekoa. Aurten ez dut batere presiorik, jakin bai baitakit ez naizela bukaerara iritsiko. Hori bai, iristen banaiz… Dortsala daukadalako eta probak egitea merezi duelako parte hartuko dut.

Nola prestatu zara?

Ehunmilaken prestaketa bigarren mailan utzi dut aurten. Izan ere, 40 MLK probarekin %200 eman behar izan dugu. Entrenamendu aldetik oso justu iritsi naiz lasterketara; izatez ez nago Ehunmilak bezalako proba bat egiteko prestatuta. Helburu bakarra daukat: ahal dudan lekuraino ondo, osorik, iristea, eta ez dut arazorik lasterketa utzi behar den tokian uzteko. Dena den, Azpeitira iritsi nahi nuke, bertan bizi naizelako eta Xoxoten giro polita egongo delako.

Xoxoten soinua izango duzu zain…

Bai, gogoa dut hara iristeko. Lagun batzuk han afaltzekoak dira, soinua jotzen ariko dira, eta beraiengana iristen saiatuko naizela agindu diet; Xoxote lasterketako 50. kilometroa da gutxi gorabehera, eta espero dut hara iristea. Hurrengo zatia, Tolosara iritsi artekoa, luzea da, gau osoan egitekoa, 80 kilometroko zatia. Hara iristea ere nahiko nuke, baina ikusiko dugu.

Xoxotera iristen baldin bazara, 2017an bezala, soinuarekin piezaren bat joko al duzu?

Behinola bideo batzuk ikusi nituen; korrikalari bat ageri zen Madariaga aldeko soziedade batean trikitia jotzen. “Hortxe pieza bat jo behar dut neuk ere”, pentsatu nuen, eta soziedade hartakoekin jarri nintzen harremanetan, ezagun baten familiakoena zelako. Saltsero samarra naiz, soinua eramateko esan nien, eta halaxe: iritsi nintzenean soinua eskatu nien, eta pieza bat jo nuen. Xoxotera iritsi nintzenean, gauza bera egin nuen, baina ez nuen espero han jotzerik. Soinua gainean jarri zidaten, eta nik jo. Grabatu egin zuten, Uztarrian jarri zuten, eta… [barrez]. Aurten ere ondo iristen banaiz eta soinua jotzeko kapaz baldin banaiz, pieza bat eskainiko diet han direnei.

40 MLK probaren antolakuntzan denbora dezente eman duzula aipatu duzu. Zer balorazio egiten duzu probaren lehen edizioaz?

Lehen urtea izanik, oso gustura gelditu gara bai gu, bai parte hartzaileak; hala esan digute asebetetze inkestetan. Egin ditugu akatsak, normala denez, baina orokorrean oso gustura gaude.

Gustatuko al litzaizueke 40 MLK probak Ehunmilaken adinako sona hartzea?

Ehunmilak beste liga batean dago; 11. edizioa izanik, errespetu guztia merezi dute. Baina zergatik ez? 40 MLK 65 kilometroko lasterketa erreferentea izatea gustatuko litzaiguke, eta horrela izan dadin egingo dugu lan.

Mendi lasterketen sukarra langa jota al dago?

Ni 2008an hasi nintzen mendian korrika egiten, eta ordurako sumatzen zen mugimendu pixka bat. Orain, berriz, askoz ere jende gehiago ibiltzen da; pandemiak eragina izan du horretan. Mendia eta ingurunea errespetatzen diren bitartean, ondo iruditzen zait guztia.