Datorren ikasturtean tailerren bat eman nahi dutenek proposamenak aurkezteko epea ireki du udalak

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 7a, 08:49

Irailaren 2an bukatuko da 2022-2022 ikasturterako proposamenak aurkezteko epea. Interesa dutenek, udalaren eskaera orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko dute, proposamena berria bada.

2022-2023 ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi dutenek beren proposamenak aurkezteko epea zabaldu du udalak. Proposamenak irailaren 2rako aurkeztu beharko dituzte udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Udalaren eskaera orria beteta eta ikastaroaren nondik-norakoak azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko dute eskatzaileek; iazko ikasturtean ikastaroren bat eman zutenek, aldiz, ez dute halako txostenik aurkeztu behar, beren proposamenean aldaketarik ez badago, behintzat.

Ikastaroaren helburuak, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela ziurtatzen duen dokumentazioa jaso beharko dute txostenean proposamena aurkezten dutenek. Aurreko ikastaroan ikastaroren bat eskaini zutenek, aldiz, eskaera orria beteta nahikoa izango dute.

Proposamen guztiak jasota, udalak proiektuen balorazioa egingo du. Batzorde teknikoak erabakiko du zein ikastaro onartu eta zein baztertu. Batzorde tekniko hori parekidetasun teknikariak, hezkuntza teknikariak eta Gizarte Zerbitzuko teknikari arduradunak osatuko dute. Aukeraketa egiteko garaian irizpide hauek hartuko dituzte kontuan: Ikastaroa emateko esperientzia izatea, hezkuntza sailaren iritziz, programa honetan eman diren ikastaroen arrakasta, ikastaroa eskaintzeko malgutasuna aurreko urteetan parte-hartzaileak egindako eskaerak kontuan izanik, ikastaroaren jarraikortasuna, ikastaroak eskaintzen dituen onurak partehartzaileentzat (baloreak eta printzipioak) eta ikastaroak sormena eta berrikuntza bultzatzea.

Ikastaroa emango duenak betebehar hauek izango ditu: lokala txukun mantentzearen ardura izango du, ikasleen zerrenda aurkeztu beharko du udaletxean, ezingo du inolako produktu edo zerbitzurik saldu, udalak utzitako lokala beste batekin partekatzen badu, bestearen materiala errespetatu eta gunea garbi mantendu beharko du eta edozein arazo sortuz gero, abisua emango du. Proiektuak aukeratutakoan, udala arduratuko da ikastaroen publizitatea egiteaz, eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala ere udalak utziko dio ikastaroa eman behar duenari. Deialdiaren inguruko informazio gehiago nahi dutenek 943-15 79 28 telefonora dei dezakete.