Bost urteren ostean, Bakailao Txapelketarekin dator Marea Arroxa

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 6a, 20:18
Marea Arroxako kideak eta txapelketaren azken edizioko elkarteetako irabazleak, Zulo Zabal soziedadean. (Maialen Etxaniz)

Pandemia aurreko azken bi urtetan Gixau Txapelketa antolatu zuen Haujijijai batzordeak abuztuaren 1erako, baina aurten berriro Bakailao Txapelketari heltzea erabaki dute. Dagoeneko ireki dute izen-ematea, eta Korrale, Jim Clark, Sanagustin eta Haginpe tabernetan nahiz 943-15 70 68 telefonora deituta egin daiteke. 

Bost urteren ostean, bakailao txapelketarekin datoz saninazioak; izan ere, Haujijijai festa batzordeak XI. Bakailao Txapelketa antolatu du abuztuaren 1erako. Marea Arroxako kideek atzo egin zuten txapelketaren xehetasunak emateko agerraldia Zulo Zabal soziedadean, hango kide diren Aitor Bastidarekin eta German Bastidarekin batera. Hain zuzen, Zulo Zabal izan zen 2017ko Bakailao Txapelketako elkarte irabazlea, eta han dute gordeta irabazleen goilare erraldoia.  Beraz, ohi duten gisan, goilarea duen elkartean aurkeztu zuten aurtengo txapelketa.

Gaur ireki dute izen-ematea, eta Korrale, Jim Clark, Sanagustin eta Haginpe tabernetan nahiz 943-15 70 68 (Kultura Saila) telefonora deituta egin daiteke. Uztailaren 26an itxiko dute izen-ematea. 

Pandemia aurreko azken bi urtetan Gixau Txapelketa antolatu zuen Marea Arroxak abuztuaren 1erako, baina aurten berriro bakailaoaren aldeko apustua egitea erabaki dute. Festa batzordeko kideek azaldu dutenez, "inguruko jendearekin nahiz hainbat elkartetako kideekin hitz egin ostean" erabaki dute berriro Bakailao Txapelketa egitea. "Dagoeneko hasi gara herriko elkarteekin lanketa egiten nahiz epaimahaia lotzen", aurreratu dute. 

Irizpideak eta sariak

Urteroko formatuan egingo dute XI. Bakailao Txapelketa, baina moldaketa bat ere izango du; izan ere, txapelketan parte hartzen dutenek nahiz haien ingurukoek soilik izango dute txapelketa ostean Azoka Plazan egingo duten bazkarira joateko aukera. Gehienez 40 taldek parte hartu ahalko dute XI. Bakailao Txapelketan, eta norbanako gisa, elkarte gisa nahiz taldeka eman daiteke izena.

Bakailao Txapelketa 11:00etan hasiko da, baina parte-hartzaileek 10:45erako plazan egon beharko dute. Festa batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa emango dizkie parte hartzaileei, baina haiek beste osagairen bat erabili nahiko balute, etxetik eraman beharko dute. Suak eta mahaiak antolatzaileek jarriko dituzte, baina ontziak eta gainerako material guztia parte-hartzaileek eraman beharko dute. 

Talde bakoitza bi minutuko tartearekin hasiko da bakailaoa prestatzen, eta bakoitzak 40 minutu izango ditu kilo bakailao pi-pil eran prestatzeko. Ondoren, epaimahaiak dastatuko ditu jakiak banan-banan, eta epaimahaikideek erabakiko dute zein izango den XI. Bakailao Txapelketako platerik onena. 

Irabazleek txapela eta Kiruri jatetxean lau lagunentzako otordua irabaziko dute. Bigarren sailkatuek, kriantza ardo botila bat eta bi txuleta eramango dituzte eta hirugarren sailkatzen direnek bi lagunentzako otordua Larrañaga jatetxean. Elkarte irabazleak, aldiz, Bakailao Txapelketako goilare erraldoia eskuratuko du. 

Txapelketa ostean bazkaria izango da Azoka Plazan. Sarrerakoak, baserriko produktuz osatutako entsalada, bakailaoa eta postrea izango dira bazkaltzeko, eta edaria ere antolatzaileek jarriko dute. Langabeek eta ikasleek 15 euro ordaindu beharko dute bazkaria, eta gainerakoek 20 euro.