Ehunmilak proba Azpeititik igaroko da ostiraletik larunbatera bitartean

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 6a, 10:47
Ostiral gauerdia baino lehen iritsiko dira korrikalariak herrira.

Ostiral gauerdia baino lehen iritsiko dira Ehunmilak mendi lasterketako parte hartzaileak Azpeitira. Azpeitiar askok parte hartuko dute Ehunmilak, Goierriko Bi Haundiak eta Marimurumendi mendi probetan.

Etzi, ostirala, Beasaindik (Gipuzkoa) abiatuko da Ehunmilak mendi proba ezaguna; 18:00etan irtengo dira parte hartzaileak herri horretako plazatik, eta segidan, inguruko herrietatik eta mendietatik igaroko dira lasterkariak.

Urtero moduan, aurten ere Azpeititik igaroko da Ehunmilak lasterketa. Azkoitiko Madariaga auzotik iritsiko da proba herrira. 23:50ean espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Azoka Plazan jarriko duten anoa gunean. Herria utzi ostean, Zelatun aldera zuzenduko dira parte hartzaileak.

Azpeitiar askok eman dute izena Ehunmilak proban parte hartu ahal izateko, eta horiek 168 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Asteburuan Goierri inguruan jokatuko diren beste bi mendi lasterketetan ere parte hartuko dute, ordea, azpeitiarrek. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba ostiraleko 23:00etan abiatuko da Beasaingo plazatik, eta Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro) igandeko 08:00etan.