Zu zeu

Arantxi Etxeberria: "Ez dakit zergatik, baina paperaren bueltan lan egin dut beti"

Ihintza Elustondo 2022ko abu. 12a, 10:20
Arantxi Etxeberria.

18 urterekin Xubi enpresan lanean hasi, eta 22 urte eman zituen han Arantxi Etxeberriak (Azpeitia, 1967). "Hantxe jubilatuko nintzela uste nuen". 2008ko krisiaren ondorioz, baina, itxi egin zuten lantegi hura, eta paperari lotutako beste eremu batera eraman du bizitzak: Erein argitaletxean lan egiten du duela zazpi urtetik, Donostian. "Asko gustatzen zait nire lana", dio, 2022ko uztaileko Uztarria aldizkariaren Zu zeu ataleko elkarrizketa honetan.

Bizitza guztia lanean eman ostean, langabezian gelditu zinen 40 urte zenituela. Zer egin zenuen orduan?

"Zer egin behar dut nik orain?", pentsatzen nuen. Ez neukan ikasketarik, ez ezer. Bi lagunek goi mailako administazio zikloa ikastera bultzatu ninduten, eta animatu egin nintzen. Hura bukatzean, lan ezberdinak probatu nituen. Gero, Erein argitaletxean administraziorako norbaiten bila ari zirela jakin nuen, eta lanpostu horretarako hartu ninduten. Ez dakit zergatik, baina paperaren bueltan lan egin dut beti.

Zer egiten duzu, zehazki?

Denboraldi batez, administrazioan aritu nintzen, eta gero, komertzial gisa lan egin nuen ikastetxeetan. Testu liburuak, irakurgaiak eta abar saltzen nituen. Bost urtez aritu nintzen horretan, eta orain, administraziora itzuli naiz berriro. Egia esan, gehiago gustatzen zait orain egiten dudana. Komertzial lana gustuko dut, baina nekagarria da, eta lasaiago nago administrazioan. Gainera, oso giro ederra daukagu lantaldean. Orain, postuz aldatuta, ofizoa ikasten ari naiz berriro. Bizitza honetan beti ari naiz ikasten. Zera esaten dut: "Noiz bukatu behar dut ikastea?".

Nolakoa da argitaletxe baten funtzionamendua?

Egileek eskuizkribuak ekartzen dituzte argitaletxera; hainbat iristen zaizkigu. Uxue Razkin da Ereineko editorea, eta hark irakurtzen ditu testu horiek; hark erabakitzen du argitaratu edo ez. Ondoren, kontratuak egiten dira egileekin, ilustratzaileekin, itzultzaileekin... Gero, zuzenketen fasea hasten da, eta produkzioarena jarraian: liburuaren diseinua erabakitzen da, maketazioa, azala... Amaitzeko, liburua inprentara bidaltzen dugu, eta argitaratzean, komunikazio lana egin behar izaten da.

Prozesu horretan, administraritzan aritzen zara zu.

Hori da. Fakturazioa, hornitzaileei erosketak, kontratuak... egiten ditut nik. Ez dugu pentsatzen, baina sekulako lana dago liburu baten atzean.

Irakurzalea al zara?

Gure amak esaten zuen txikitatik nuela zaletasuna. Garate Anaia auzoan bizi ginen, eta hango umeak zinemara joaten ginen igandeetan. Filma amaitzean, Joxelitonera joaten ginen gozokiak erostera. Denek gozokiak erosten zituzten, baina niri ez zitzaizkidan gustatzen, eta beti komikiekin joaten nintzen etxera: Esther y su mundo, El Jabato, Zipi y Zape, Mortadelo y Filemón... Gaztetan ere jarraitu nuen irakurtzen, eta geroago, Agatha Christieren eta Stephen Kingen liburuak irakurtzen hasi nintzen. Haurrak izatean, pixka bat alboratu egin nuen zaletasuna, eta orain, berriro hasi naiz irakurtzen. Lehen beti gaztelaniaz irakurtzen nuen, eta orain, Ereinen lan eginda, euskaraz irakurtzen dut, batez ere. Gauero-gauero irakurtzen dut; liburu bat gustatzen bazait, goizeko ordubiak edo hirurak arte jardun naiteke irakurtzen. Gozatu egiten dut.

Zer saltzen da gehien?

Poesia ere saltzen da, baina batez ere, narratiba. Egile batzuek arrakasta handia dute: Ramon Saizarbitoriak, Andu Lertxundik, Jon Arretxek, Toti Martinez de Lezeak... Orain erronka bat daukagu: gazteen alde ari gara apustua egiten. Kultur arloko mugimendua itzaltzen ari dela uste dugu, baina sormen handia eta oso maila ona dute gaur egungo gazteek. Oso ona dator belaunaldi berria, eta pozgarria da hori.

Ba al duzu idazteko ohiturarik?

Ez, beti esaten dute bizitza honetan hiru gauza egin behar direla: umeak eduki ditut, zuhaitzen bat ere landatu nuen gaztetan, baina libururik ez dut idatzi. Erronka handia litzateke niretzat liburu bat idaztea, baina sekula ez da esan behar ezetzik, ez da jakiten eta.