Erabakitzeko eskubidearen alde, Larhun argiztatu dute azpeitiarrek

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 3a, 13:16

Azpeitiko 150 bat lagunek egin zuten bat egitasmoarekin, eta horietatik 70 bat inguru arratsaldean abiatu ziren autobusez Berara (Nafarroa); handik oinez joan ziren Larhunera.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Pirinioetako Bidea egitasmoa tarteko, 300 gailur argiztatu zituzten herritarrek atzokoan. Hain zuzen ere, Hondarribiko Higer lurmuturraren eta Kataluniako Creus lurmuturraren artean gauzatu zuten ekintza 21:00etatik 22:00etara bitartean, Gure Eskuk eta Kataluniako ANCk eta FEEC-k antolatuta eta Omnium Culturalek zein Artistes de la Republicak lagunduta.

Azpeitiko 150 bat lagunek egin zuten bat egitasmoarekin, eta horietatik 70 bat inguru arratsaldean abiatu ziren autobusez Berara (Nafarroa); izan ere, azpeitiarrei Larhun mendia argiztatzea egokitu zitzaien. Larhun argiztatzeaz, baina, ez ziren Azpeitiko bizilagunek soilik arduratu; Errezilgo, Beizamako, Zarauzko, Orioko nahiz Aiako bizilagunak ere hara joan ziren.

Amalur Alvarez Gure Eskuko kideak atzo Guils de Cerdanyan (Katalunia) eginiko ekitaldi politikoan azaldu zuenez, Pirinio osoa argiztatzeko gai izan ziren herritarrak, eta "elkarlanean eta indarrak batzen jarraituz gero" helburuekin aurrera egiteko gai izango dira horiek. "Euskaldunak eta katalanak jendearen ahalmena erakusten ari gara. Pirinioetako gailurretan dagoen argi bakoitzeko gure herrien burujabetzaren eta askatasunaren bidea argiztatzen duen izar bat izan da". ANCko Dolors Feliuk, berriz, Europan sekula egin den izaera politikoko ekintza artistiko handiena egin zutela adierazi zuen.

Hark, gainera, Kataluniaren eta Euskal Herriaren "burujabetza osoa" aldarrikatu zituen, etorkizuna askatasunaez erabaki eta eraiki nahi dutelako. Alvarezek, berriz, herrien borondate demokratikoa errespetatzea eskatu zuen, eta Pirinioetako Bideak mugen ikuspegi demokratikoa aldarrikatzen duela esan. "Mugak demokratikoki erabaki behar dira, botoen bidez, eta ez inposizio, indarkeria edo gerraren bidez". Feliuren arabera, Espainiako Estatuak "errepresioa eta bide antidemokratikoak" erabiltzen ditu herritarrek borondate demokratikoa oztopatzeko, eta gainera, eskubide zibilak, politikoak, ekonomikoak nahiz kulturalak "urratzen" ditu.

(Argazkiak: Azpeitiko Gure Esku)