Larhun mendia argiztatzen izango dira gaur 150 azpeitiar inguru, erabakitze eskubidearen alde

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 2a, 17:34
Pirinioetako Bidea egitasmoan parte hartzea autobusez abiatu diren azpeitiarrak, anbulatorio atarian. (Anartz Izagirre)

Guztira, 150 pertsona inguruk eman dute izena Azpeitian Pirinioetako Bidea egitasmoan parte hartzeko, eta horietatik 70 inguru autobusez joan dira gaur, larunbata, 17:00etan. Bestalde, Uztarria.eus-en zuzenean ikusi ahal izango da hainbat hedabidek eskainiko duten saioa, 21:00etatik 22:30era bitartean.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Pirinioetako Bidea egitasmoa izango da gaur, larunbata, Hondarribiko Higer lurmuturraren eta Kataluniako Creus lurmuturraren artean. Herritarrek 300 bat gailur argiztatuko dituzte, 21:00etatik 22:30era bitartean, Gure Eskuk eta Kataluniako ANCk eta FEEC-k antolatuta eta Omnium Culturalek zein Artistes de la Republicak lagunduta.

Azpeitiko Gure Eskuk jakinarazi duenez, guztira 150 azpeitiar inguruk eman dute izena egitasmoan, eta horietatik 70 herritar inguru 17:00etan autobusez abiatu dira Larhunera. Gainontzekoak, beren kasa joango dira Larhun mendia argiztatzera. Azpeitiarrak ez ezik, gaurkoan Larhun argiztatzen izango dira Errezilgo, Beizamako, Zarauzko, Orioko eta Aiako bizilagunak ere; Zestoakoak, Zumaiakoak eta Aizarnazabalgoak, berriz, Manddale mendira joango dira, eta Getariakoak Xoldoko gaina, Larhun eta Ibantelira.

Uztarria.eus-en, zuzenekoa ikusgai

Egitasmoaren zuzeneko saioa egingo dute hainbat hedabidek, eta emankizun hori Uztarria.eus-en ere ikusi ahal izango da gaur. 21:00etatik 22:30era izango da saioa, Maider Galardi eta Ana Iruretagoiena esatariek gidatuta. Gure Eskuk adierazi duenez, gailurretako eta aireko "irudi ikusgarriak" izango dira. Gainera, 21:15etik 22:50era ekitaldi politiko nagusia egingo dute egitasmoaren sustatzaileek Guils de Cerdenyatik (Katalunia), eta hango irudiak mendietakoekin uztartuko dituzte.