Imanol Larrañaga: "Odol berokoa naiz, eta ez zait kostatzen aldaketak egitea"

Aitziber Arzallus 2022ko abu. 1a, 11:00

Duela hamazazpi urte, bidaia handi bat egitera zihoala esanda alde egin zuen Imanol Larrañagak (Azkoitia, 1985), eta hor zehar jarraitzen du oraindik. Bueltatu izan da jaioterrira, baina bisitan bakarrik, eta oraingoz, ez du inon sustraitzeko asmorik. Kalifornian dago orain, eta epe luzerako planak egitekoa ez den arren, badarabil asmo bat buruan: Amerika gurutzatzea, Alaskatik Patagoniara.

20 urterekin alde egin zenuen Azkoititik, eta harrezkero, bisitan bakarrik joan izan zara hara. Nondik nora ibili zara urte hauetan guztietan?

Lehenengo bidaia Mexikora egin nuen, 20-21 urterekin. Anaia han bizi zen, eta hura bisitatzeko aitzakiarekin, zortzi hilabeteko bidaia egin nuen lagun on batekin. Mexikoz gain, Kubara ta Guatemalara joateko aukera izan nuen. Gero, ingelesa ikasteko eta ganorazko zeozer egiteko asmoarekin, urtebete egin nuen Australian eta Zeelanda Berrian. Harrezkero, gehienbat Asian ibili naiz, eta hura da gehien ezagutzen dudan kontinentea. Thailandian, Laosen, Kanbodian, Myanmarren, Txinan, Mongolian, Kazakhstanen, Arabiar Emirerri Batuetan, Omanen, Iranen... ibili naiz.

Non zaude orain eta zer asmo dituzu?

Orain momentuan Amerikako Estatu Batuetan nago; zehatzago esateko, Kalifornia iparraldean. Pandemia hasi zenean etorri nintzen Indonesiatik hona, nahiz eta jende askok birusagatik ez etortzeko esan. Ziur asko urte bukaerara arte eongo naiz hemen, lehenago nazkatu, motxila hartu eta alde egiten ez baldin badut. Hemendik Mexikora joan beharra daukat kontu burukratiko batengatik, baina, nik uste, Amerika gurutzatzea izango dela hurrengo abentura, Alaskatik Patagoniara. Hala ere, edozein momentutan alda ditzaket planak; ez dago jakiterik.

Gauzak aurrez lotuta izatea gustatzen zaizu edo sortzen doazen bezala egiten dituzu?

Nire mugitzeko era gutxi prestatutakoa edo batere prestatu gabea izaten da, eta gehienetan, epe motzetan mugitzen naiz. Baten batek zeozer proposatu, pixka bat pentsatu, eta egin; edo nonbaiten lan aukera polita dagoela eta gero bidaiatzeko aukera dagoela, hara; leku bat aspergarria, monotonoa edo errepikakorra bihurtzen dela, ihes beste leku batera... Egia da leku batzuetan nahi baino denbora gehiago geratu behar izan dudala, konpromisoren bat tarteko –lan bat edo beste zerbait–, baina berez odol berokoa naiz, eta ez zait kostatzen aldaketak egitea.

Motxila hartu eta hara eta hona ibiltzeak zer du horren ona?

Gauza denek bezala, gauza onak baditu, baina ez hain onak ere bai. Alde ez hain ona da inon ez zarela sustraitzen. Aspaldiko lagun batek esan zidan bezala, kondena bat bihur liteke beti beste leku batean zer egongo den jakin-minez bizitzea. Gauza onak, berriz, asko ditu; beti gauza berriak ikusten, entzuten, usaintzen, probatzen, ikasten aritzea. Jende berri asko ezagutzeko aukera ere ematen du, modu askotako jendea klase sozialari, kulturari eta pentsaerari dagokionez. Dena berria da beti. Behin baino gehiagotan esan izan dudan moduan, mundua handiegia da beti leku berean egoteko.

Horrenbeste urtean kanpoan, lana ere egin beharko zenuen. Zertan jardun izan duzu?

Mexikora egin nuen lehen bidaia haren aurretik, lan mordo bat egin behar izan nuen diru pixka bat aurrezteko. Bueltau nintzenean, istorio bera: lana egin, dirua aurreztu eta alde egin. Baina, halako batean, zera pentsatu nuen: "Zergatik bueltatu lana egiteko? Zergatik ez lana topatu eta nagoen lekuan edo egon nahi dudan lekuan geratu?". Ordutik, denetarik egin dut: jatetxe txinatar batean platerak garbitzen ibilia naiz, baita urpekaritzako luxuzko yate bateko zuzendari lanetan ere. Hala ere, gehienbat urpekaritzan jardun dut; asko gustatzeaz aparte, leku eta lurralde askotan lan egiteko aukera ematen dit. Dena dela, beharra izango banu, ia edozertan egingo nuke lan; lanak ez dit sekula beldurrik eman.

Zure bizitza abentura handi bat da, baina orain arte bizitakoetatik, zein etapa nabarmenduko zenuke?

Nabarmentzeko leku eta abentura asko ditut, baina handiena eta gogorrena bizikletaz egin nuen bidaia izan zen. Bizitzako garai gogor bati buelta emateko, Thailandiatik Azkoitira bizikletaz abiatu nintzen, bakar-bakarrik. Azkenean, bidaiak hartu zuen norabideagatik –negu gorria eta beste arazo batzuk– eta beste abentura bat hasteko aukera sortu zitzaidalako –Polinesian baleekin lan egiteko aukera–, Iraneraino ailegatu nintzen. Helburu pertsonala lortuta neukan ordurako, eta horregatik hartu nuen erabakia; bestela ez nukeen orduan bukatuko.

Orain arte ezagutu dituzun lekuetatik bat aukeratu beharko bazenu...

Dudarik gabe, Mexiko: hango kultura, jendea, herrialdea bera... Nire izaeragatik gauza askotan bat egiten dudalako edo egin nuen lehen bidaia luzea eta abentura izan zelako, baina erabat maiteminduta nago herrialde horrekin.