Larunbatean jokatuko dituzte Azpeitiko Tenis Txapelketa Irekiaren finalak

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 30a, 17:08

Bi final jokatuko dituzte zapatuan. Aurrenekoan, parez pare lehiatuko dira Igor Zubizarreta eta Jon Orbegozo. Bigarrengoan Joanes Azkuek eta Kepa Urbietak neurtuko dituzte indarrak elkarren aurka. Partidak 10:30ean hasiko dira, udal kiroldegiko tenis pistetan.  

Oñatz tenis klubak Azpeitiko I. Tenis Txapelketa Irekia antolatu du aurten, eta joan zen maiatzaren 15ean ekin zioten sariketari. Astez aste hainbat partida jokatu ostean, larunbatean, uztailak 2, jokatuko dituzte txapelketaren finalak Azpeitiko udal kiroldegiko tenis pistetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekainaren 25ean ziren finalak jokatzekoak, baina arrazoi desberdinak tarteko, azkenean datorren larunbatean emango diote itxiera txapelketari.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, guztira hamabi lagunek parte hartu dute tenis txapelketa irekian, eta lortutako emaitzen arabera, bi koadro desberdinetan lehiatu dira: "Hamabi jokalarik parte hartu dute txapelketan, eta horiek lau taldetan banatu dira. Talde bakoitzean hiru jokalari aritu dira, eta denek denen aurka jokatu dute. Talde bakoitzeko aurreneko bi postutan sailkatu direnak txapelketako lehen koadroan sartu dira eta hirugarrenak bigarren koadroan", azaldu dute antolatzaileek. Horrenbestez, bi final jokatuko dituzte larunbatean, aurreneko koadrokoa eta bigarren koadrokoa. 

Aurreneko koadroko finala Igor Zubizarretak eta Jon Orbegozok jokatuko dute. Bigarren koadroko finalean, aldiz, Joanes Azkue eta Kepa Urbieta arituko dira parez pare. Partidak 10:30ean hasiko dira, udal kiroldegiko tenis pistetan.  

Absolutu mailako banakako sariketa mixtoa izan da Azpeitiko I. Tenis Txapelketa Irekia, eta antolatzaileak "gustura" agertu dira izan duen harrerarekin: "Oñatz tenis klubeko kideok sariketaren balorazio positiboa egin dugu. Jokalari guztiek hiru partida jokatzeko aukera izan dute, eta partida politak ikusteko aukera izan dugu. Larunbatean finalekin gozatzea espero dugu".