Trafikoan aldaketak izango dira asteburuan Munategi eta Bazterretxe biribilguneen arteko zorua birgaitzeko lanengatik

Anartz Izagirre 2022ko eka. 30a, 16:44
Munategiko biribilgunea.

Bi noranzkoetan gauzatuko dituzte lanak, larunbatean zein igandean, egunez, eta trafikoa noranzko bakarrean antolatuko dute, txandaka, seinalegileen bitartez. Txerloia industrialdetik GI-631 errepiderako sarbide zuzena kendu egingo dute asteburuan, eta Berrasoetako baserrietara "lanekin koordinatuta" sartu ahal izango dute bizilagunek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentua lehentasunezko eta oinarrizko intereseko sareetako errepide arruntetan zorua birgaitzeko obrak egiten ari da, eta asteburu honetan obra horiek gauzatuko dituzte Munategiko eta Bazterretxeko biribilguneen artean. Zehazki, GI-631 errepideko 16,540 eta 17,415 kilometro puntuen arteko zatian egingo dituzte lanok, bi noranzkoetan.

Aldundiak jakitera eman duenez, "trafikoari ahalik eta kalte gutxien eragiteko" larunbatean, uztailak 2, zein igandean, uztailak 3, egunez egingo dituzte obrak, eta trafikoa noranzko bakarrean antolatuko dute, txandaka, seinalegileen bidez araututa. Bestalde, asteburuan zehar Txerloia industrialdetik GI-631 errepiderako sarbide zuzena bertan behera lagako dutela jakinarazi du Aldundiak, eta errepidera Bazterretxeko biribilgunetik sartzeko eskatu diete erabiltzaileei. Horrez gain, Berrasoetako baserrietara "lanekin koordinatuta" sartu ahal izango da; halere, baserrietako bizilagunei sarbide hori "ezinbesteko kasuetan soilik" erabiltzeko eskatu diete.

Obretako seinaleak igandean desmuntatu egingo dituzte lanak bukatzean, eta errepidea ireki egingo dute bi noranzkoetan; beraz, errepide zati hori ohiko zirkulazio baldintzetara bueltatuko da igandean.