Maleta perfektua

Oporretarako prest? Maleta egitea falta zaizu, ordea, eta ez dakizu nondik hasi: zer eraman, nola sartu... Ohikoa da. Laguntza txiki bat nahi izanez gero, hona hemen maleta egokia egiteko beharrezko gakoak:

  1. Maleta
    E
    z da gauza bera egun askotarako edo astebururako plana izatea. Ez da gauza bera hotel batera joatea edo itxi gabeko oporrak egitea. Planaren arabera, maleta, motxila edota eskuko maleta beharko duzu. Horregatik, zure beharretara egokitzen den maleta hautatu, eta gogoratu arropa gutxiago hondatuko dela beti maleta batean.
  2. Eguraldia
    Eraman beharreko arropa aukeratu aurretik, zoazen lekuan zer-nolako eguraldia egingo duen jakin behar duzu. Eguraldi ona eta beroa bermatuta baldin badituzu, nahikoa izango dituzu arropa freskoa eta sandaliak; aldiz, klima aldakorra baldin bada, beroki bat edo jaka arin bat ere beharko duzu gauetarako.
  3. Zerrenda
    Eraman beharrekoa zer den argi izateko, garrantzitsua da zerrenda idaztea; izan ere, horrela gauza gutxiago ahaztuko zaizkizu etxean. Lagunekin baldin bazoaz, hitz egin haiekin, agian zuk ahaztuta duzun zerbaitekin oroitu dira eta. Hotelera baldin bazoaz, gogoratu gehienetan xanpuak eta gelak egoten direla.
  4. Konbinatu
    Elkarrekin konbinatzen duten jantziak aukeratu. Arropa guztia ohe gainean jartzea da horretarako teknikarik onena, errazago ikusiko baituzu dena. Eta gogoratu: badaezpada hitzak ez du balio maleta egiterakoan.
  5. Kontuz tolestu
    Tolestu arropa ahalik eta gutxien, jarri ondo luzatuta, eta aprobetxatu maletaren zabalera guztia. Kamisetentzat KonMari metodoa erabil dezakezu: biribildu daitekeen guztia biribildu, fularrak eta bainujantziak barne, eta espazio txiki guztiak aprobetxatu. Alkandorak eta jakak, berriz, jarri goian, ez daitezen oso zimurtuta iritsi.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide