Donostiako Klasikoa Azpeititik igaroko da San Inazio bezperan

Andoni Elduaien 2022ko eka. 30a, 10:12
Donostiako Klasikoa iaz, Munategi parean. (Andoni Elduaien)

Aurten ere Azkoititik iritsiko da txirrindulari profesionalen lasterketa herrira. Txirrindulariak Loiolara 13:36 eta 13:47 artean iristea aurreikusi dute antolatzaileek. Azpeitia atzean utzita, Urrakiko mendatea igotzen hasiko da tropela

Uztailaren 30ean, San Inazio bezperan, jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. Iaz bezala, aurten ere Azkoititik sartuko dira herrira txirrindulariak.

Lasterketan sei mendate puntuagarri izango dira, eta horietako bat izango da Urrakiko mendatea (2. mailakoa). Hain zuzen ere, probako bigarren mendatea izango da Urraki. Azkoitira Azkarateko mendatetik sartuko da lasterketa, eta Azpeitira Azkoititik, zehazki GI-2634 errepidetik. Antolatzaileek aurreikusitako ordutegiaren arabera, 13:36 eta 13:47 aldean iritsiko dira lehen txirrindulariak Loiolara.

Azpeitian ere errepide horretan egingo dute bide guztia. Herria zeharkatutakoan, Urrakiko mendatea igotzen hasiko dira; 13:52 eta 14:05 bitartean espero da tropela Urraki gainean. Lasterketak herria gurutzatzen duen bitartean, trafikoa itxita egongo da gainerako ibilgailu guztientzat.