Azpeitian ehun bat lagunek eman dute Piriniotako Bidea egitasmoan parte hartzeko izena

Julene Frantzesena 2022ko eka. 29a, 08:34
Pedraforca mendia argiztatuta, Katalunian. (Gure Esku)

Zapatuan izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko Pirinioetako Bidea egitasmoa Hondarribia eta Creus lurmuturraren artean. Azpeitiarrei Larhun mendia argiztatzea egokitu zaie, eta hara joateko eta herrira itzultzeko autobusak antolatu ditu Azpeitiko Gure Eskuk. Oraindik bada egitasmorako izena emateko aukera.

Hiru egun baino ez dira falta erabakitzeko eskubidearen alde Pirinioetan 300 bat gailur argiztatzeko. Zapatuan, uztailaren 2an, izango da Pirinioetako Bidea egitasmoa, Gure Eskuk eta Kataluniako ANC eta FEEC-k antolatuta nahiz Omnium Culturalek zein Artistes de la Republicak lagunduta. Hondarribiko (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuko dute herritarrek egun horretan.

Azpeitiarrek Larhun mendia argiztatu beharko dute; izan ere, herrika banatu dituzte gailurrak, eta Azpeitiari mendi hori egokitu zaio. Dagoeneko ehun bat lagunek eman dute egitasmoan parte hartzeko izena Azpeitian, baina bada oraindik horretarako aukera; Gureesku.eus webgunean nahiz Gure Eskuren Azpeitiko lokalean –ostiralera arte egongo da zabalik 18:00etatik 20:00etara– eman ahal izango da izena egunotan.

Gauez egingo dute erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoa. Hain zuzen ere, 22:00etan hasiko da. Azpeititik Berara (Nafarroa) joateko autobusak antolatu dituzte, eta horiek 17:00etan aterako dira anbulatorioaren aurretik. Berara iristearekin abiatuko dira herritarrak Larhunera, eta gailurrera iristearekin mokadutxoa egingo dute.

22:00etan hasiko da egitasmoa, eta 23:00etarako mendian behera abiatuko dira parte hartzaileak. Azpeitira itzultzeko autobusa 01:30 eta 02:00 artean abiatuko dela aurreikusten dute Gure Eskuko kideek. Han gelditu nahi dutenek, berriz, 05:00etako autobus zerbitzua izango dutela aurreratu dute horiek.

Autobuserako izena Gure Eskuren Azpeitiko lokalean edo gureeskuazpeitia@gmail.com helbide elektronikora mezua idatzita eman daiteke.