Betisek irabazi du 2010eko mutilen Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 26a, 16:00

Eguerdian jokatu dute finala, eta Betis izan da txapelketako garailea, Celta 2 eta 1 mendean hartuta. Kopako finala, bestalde, Leganesek irabazi du, Alavesi 2 eta 1 aurre hartuta. 

Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketaren hirugarren jardunaldia jokatu dute asteburuan Garmendipeko futbol zelaietan. 2010. urtean jaiotako mutilak aritu dira nor baino nor egunotan; guztira, 24 talde aritu dira lehian, eta horietatik hamalau talde izan dira Espainiako Ligako lehen mailako harrobikoak. Gaur eguerdian jokatu dute final handia: hain zuzen ere, Betis izan da txapelketako irabazlea, Celta 2 eta 1 mendean hartuta. Duela bi aste, klub berberak irabazi zuen 2011n jaiotako mutilen txapelketa ere. Kopako finala, bestalde, Leganesek irabazi du, Alaves 2 eta 1 menderatuta.

Finala amaitzean, kopako nahiz txapelketa nagusiko txapeldunei eta txapeldunordeei sariak banatzeaz gain, beste hainbat garaikur ere banatu dituzte antolatzaileek. Hain zuzen ere, Alavesko Eneko Saez de Burgori eman diote atezain onenaren saria, eta Celtako Alexandre Oubiñari jokalari onenarena. Afizio onenaren saria, berriz, Castelloko (Herrialde Katalanak) Primer Toque taldeak eskuratu du. Era berean, Ikasberri kirol elkarteari oroigarri bat eman diote, klubaren 25. urteurrena dela eta.

Ekainaren 10etik 12ra arteko asteburuan 2011. urtean jaiotako mutilen Domusa Teknik Azpeitia Cup tutbol txapelketa jokatu zuten Garmendipen, eta hilaren 17tik 19ra arteko asteburuan, berriz, infantil neskena; ordukoan, Espanyol izan zen txapelketako talderik onena. Hiru asteburutan hainbat eta hainbat lehia jokatuta, datorren urtera arte agurtu dute Domusa Teknik Azpeitia Cup txapelketa.