Urrestillako sanjoanak 2022

Eguraldiak ez du zapuztu urrestildarren San Joan bezperako festa

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 24a, 14:05

Eguraldiak askorik lagundu ez zuen arren, giro paregabean ospatu zuten San Juan bezpera Urrestillan. Gauerdian sartu zuten lizarra plazan, euri eta tximista artean. Sua pizterako atertu zuen euriak, eta jende ugari elkartu zen Txikuri pilotalekuaren atarian. Kantuz eta dantzaz borobildu zuten gaua. Atzo gaueko irudiekin osatutako bideoa da honako hau. 

Azkenean iritsi dira horrenbeste itxarondako sanjoanak Urrestillara. Azken bi urteetan ez bezala, Urrestillako plaza jendez beteta zegoela ospatu zuten atzo San Joan bezpera.

Eguraldia izan zen atzoko protagonistetako bat; izan ere, arratsaldean bota zuen euri jasaren ostean, ateri eutsi zuen gauerdira arte. Hori dela eta, urrestilarrek giro ederrean hasi zuten San joan bezperako gaua.  Ohitura den gisan, adin guztietako urrestildarrek eraman zuten san joan arboa plazaraino, triki doinuz lagunduta. Plaza jendez beteta zegoela hasi ziren arbolaren sartzearekin, baina minutu batetik bestera euria hasi zen, bertaratutakoen sorpresarako. Plazara bertaratutako herritarrek aterpeetan bilatu zuten babesa, baina lizarra igotzeko ardura zutenek nahi baino gehiago sufritu zuten atzokoan. Tximista eta euri artean egin zituzten arbola sartzeko maniobrak, eta egin beharra zertxobait zaildu zitzaien arren, ohiko zirraraz lagunduta, behar bezala sartu zuten San Joan arbola.   

Sua pizterako atertu zuen euriak, eta jende ugari elkartu zen Txikuri pilotalekuaren atarian. Iaz egindako lore sortak sutara botata, kantuz eta dantzaz borobildu zuten gaua urrestildarrek.