Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Herriarteko finalerako 350 bat sarrera saldu dituzte Azpeitian

Julene Frantzesena 2022ko eka. 24a, 11:43
2019ko finalera ere zale ugari joan ziren Azpeititik.

Azpeitiak eta Oiartzunek bihar jokatuko dute finala Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta Azpeitiko pilotariei ez zaie zaleen babesik faltako; astean zehar, finalerako 350 saldu dituzte herrian. Bihar ere eskuratu ahal izango dira sarrerak, Atano III.a frontoiko leihatilan. Hara joan ezin duenak webgune honetan nahiz Erlo Telebistan ikusi ahal izango du finala, zuzenean.

Azpeitiak eta Oiartzunek bihar, zapatua, jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finala, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta zaleen berorik ez zaie faltako Azpeitiko pilotariei. Izan ere, Ilunpe pilota elkarteak jakinarazi duenez, aste honetan finalerako 350 bat sarrera saldu dituzte Azpeitian. Dena den, bihar ere izango da sarrerak erosteko aukera, Atano III.a frontoiko leihatilan.

Donostiara joateko aukerarik ez duten herritarrek finaleko hiru partidak Uztarria.eus-en nahiz Erlo Telebistan ikusi ahal izango dituzte. Hain zuzen ere, 16:15ean hasita, zuzeneko emankizuna eskainiko dute bi hedabide horiek, eta kontakizuna egiteaz Iñaki Elorza Txapas kazetaria eta Jon Alberdi pilotaria arduratuko dira.