Urrestillako sanjoanak 2022

Euria euri, betiko zirrararekin itzuli dira sanjoanak Urrestillara

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 24a, 10:19

Urrestildarrak atzo arratsaldean hasi ziren San Joan festak ospatzen. Lore sorta tailerra, pregoia eta festen hasierako suziria, 2019ko sanjoanetatik 2022ko sanjoanetara jaiotako urrestildarrei ongi etorria emateko ekitaldia eta herri afaria egin zituzten San Joan bezperan. Behin sabelak beteta, gauerdian egin zuten San Joan zuhaitzaren sartzea, euria goian-behean ari zela. Jarraian piztu zuten San Joan sua, dantza eta musika artean. 

Lizarraren sartzea eginda eta San Joan sua piztuta, sanjoanetan murgildu dira urrestildarrak. Atzo, San Joan bezperarekin, hasi ziren Urrestillako festak. Arratsaldean ekin zioten jaien bueltan antolatutako ekintzei, eta 18:00etan hasita lore sorta tailerra egin zuten. Jarraian, pregoia irakurri, festen hasierako suziria bota, eta urrestildar berriei ongi etorria emateko ekitaldia egin zituzten. Hain zuzen, Urrestillako Festa Batzordeko kideek 2019ko sanjoanetatik 2022ko sanjoanetara bitartean jaiotako urrestildar berriei harrera egin nahi izan diete aurten, eta horretarako aprobetxatu zuten atzoko ekitaldia. Guztira, hogeita bi haurrek eta haien gurasoek jaso zuten aitortza festa batzordeko kideen eskutik. Ondoren, herri afaria egin zuten. Adin desberdinetako herritarrak animatu ziren afaritara, eta giro paregabea sortu zen.

Ohiturari jarraituz, gauerdian egin zuten San Joan zuhaitzaren sartzea. Ateri eutsiko zuela zirudien arren, minutu batetik bestera euri zaparrada hasi zen, eta Urrestillako plazara bertaratutako herritarrak aterpe bila ibili ziren, beste hainbat lagunek lizarra sartzen zuten bitartean. Ohi bezala, zirrara izan zen nagusi zuhaitza sartu bitartean. Euria goian-behean ari zela, kostata, lortu zuten arbola bere lekuan ipintzea. Urrestillara bertaratutakoen zorionerako, euria gelditu zen San Joan sua pizterako, eta haren bueltan dantzaldia egin zuten hainbat lagunek. Eguna borobiltzeko Laket taldearen erromeria izan zen. 

(Argazkiak: Maialen Etxaniz, Mailo Oiarzabal eta Urrestillako Festa Batzordea) 

Gaur jarraituko dute festetarako prestatutako ekintzak. Hona hemen datozen egunetako egitaraua, osorik: 

09:00. Diana, herriko txistulariekin eta trikitilariekin.

11:45. Azpeitiko Udal Musika Bandaren kalejira.

13:00. Buruhandiak.

17:30. Iago Magoren emanaldia.

21:00. Gazte afaria.

22:15. Kontzertuak: No Place, Fan&Go eta BassAgain.

Ekainak 25, San Joan Txiki

12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.

14:00-14:45. Mus txapelketarako izen ematea.

15:15. Mus txapelketa.

16:00. Puzgarriak.

17:30. Merienda.

19:00. Trikipoteoa.

21:00. Luntxa.

22:15. Kontzertuak: Displasy, Zopilotes Txirriaos eta Erroka.

Ekainak 26, San Joan hirugarrena

17:00. Umeentzako jolasak.

18:30. Patata tortilla lehiaketa.

19:00. Areto dantzak, AGL eskolakoen eskutik.

20:30. Afari merienda.

Ondoren, zuhaitzaren entierroa.