Garraiolariek eska ditzakete udalaren sustapen ekonomikorako dirulaguntzak

Julene Frantzesena 2022ko eka. 23a, 13:06

Urtarriletik ekainera bitartean 5.000 eurotik gorako erregai kontsumoa izan duten garraiolariei zuzendutako laguntza da martxan dena; udalak 1.500 euroko dirulaguntza emango die horiei. Eskaerak egiteko epea urriaren 31n bukatuko da.

Sustapen ekonomikorako dirulaguntzak jarri zituen martxan Azpeitiko Udalak maiatzean, eta aurten lehen aldiz, garraioaren sektoreko autonomoei nahiz hogei langiletik beherako enpresei zuzendutako lerro bat plazaratu du erakundeak, "lehengaien eta erregaien prezioen igoerak garraiolarien ekonomian izan duen eragina" aintzat hartuta.

Urtarriletik ekainera bitartean 5.000 eurotik gorako erregai kontsumoa izan duten garraiolariei zuzendutako laguntza da martxan dena; udalak 1.500 euroko dirulaguntza emango die horiei. Eskaerak egiteko epea zabalik dago, eta garraiolariek urriaren 31ra arte izango dute horretarako aukera. Halaber, informazioa, aholkularitza nahiz izapideak egiteko laguntza behar dutenek, Azpeitia Berritzenera –943-15 71 83– edo Iraurgi Berritzenera –943-02 60 69– jo ahal izango dute.

Aurten 550.000 euro bideratu ditu udalak gizarte babeserako eta ekonomiaren sustapenerako dirulaguntza lerro zehatzetara, eta erakundeak azaldu duenez, urte urte "egoera aztertzeko eta beharretara egokitzeko ahalegina" egin du; horren adibideetako bat garraiolarientzako dirulaguntza lerro berria.