Abian dira eskualdeko ondarea ezagutzeko doako bisita gidatuak eta ibilaldiak

Andoni Elduaien 2022ko eka. 22a, 17:04
Loiolako basilika.

Datorren igandean, ekainak 26, bisita gidatua egiteko aukera egongo da. Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bideari jarraituz, mudejar itxurako eraikinak ikusteko aukera izango da orduan. Guztira, Azpeitian bost bisita gidatu desberdin egiteko aukera eskainiko du Urola Turismoak. Bisita gidatuetan parte hartzeko, izena eman beharko da aurrez.

Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako turismo bulegoaren bidez kudeatzen duen Urola Turismoak bisita gidatuen programaren aurtengo udako edizioa aurkeztu du. Loiola bailara, historia eta paisaia bazterrak izenpean, eskualdeko ondarea ezagutzeko doako bisita gidatuak eta ibilaldiak egiteko aukera izango da irailera bitartean.

Joan den larunbatean ekin zieten bisita gidatuei Azpeitian, baina aste honetan ere izango da aukerarik. Irailaren 18an emango diote amaiera aurtengo programari, baina bitarte horretan 24 bisita gidatu nahiz irteera egitea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, bisita gidatuak Aizarnazabalen, Aizarnan (Zestoa), Azkoitian, Azpeitian eta Errezilen egingo dituzte. Parte hartzaileek herri horietako ondare kulturala eta historikoa ezagutzeko aukera izango dute.

Bi helburu nagusirekin antolatu dute aurten ere Loiola bailara, historia eta paisaia bazterrak programa: bertako eskaintza turistikoa sortzeko nahiz barne turismoa sustatzeko eta tokiko ondare historiko kulturalaren eta naturalaren gaineko sentzibilizazioa bultzatzeko. Urola Erdiko bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da. 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta (Loiolako informazio bulegoa) edo i-loiola@urolaturismoa.eus posta elektronikora idatzita eman ahalko da izena. Antolatzaileek gogorarazi dute bisitak eta ibilaldiak doakoak direla.

Azpeitian, bost eskaintza

Herrian bost bisita eskainiko dituzte aurtengo udako programari lotuta. Lehen bisita gidatuak joan den astean eskaini zituzten, baina igandean hirugarren bat egiteko aukera egongo da. Hain zuzen, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia izeneko bisita gidatua egingo dute. 10:00etan, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokitik abiatuko dira bisitariak, eta hiru ordu inguruko ibilbidea osatu beharko dute. Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bideari jarraituz, mudejar itxurako eraikinak ikusteko aukera izango da, Loiolako dorretxea barne. Bisita hori bera abuztuaren 13an eta irailaren 10ean errepikatzeko aukera izango da, ordu berean.

Hurrengo larunbatean, uztailak 2, Azpeitia XVI. mendean izeneko bisita gidatua egingo dute. Erdi Aroan sortutako Azpeitia oso hiribildu garrantzitsua izan zen XVI. mendean. Herriko jauregiak eta etxeak ikusteko aukera izango da bisita horretan. Bi orduko bisita hau egiteko udaletxe azpian elkartuko dira bisitariak, 11:00etan. Irailaren 17an egingo dute bigarren aldiz.

Loiola Iñigoren ume eta gaztaroan bisita, berriz, uztailaren 23an eta abuztuaren 14an egingo dute. San Inazioren gaztaroa ezagutzeko asmoz sortutako ibilbidea da, eta bere dorretxeak eta inguruak ezagutzeko aukera emango du. San Inazioren etxearen barrualdea bisitatzeko aukera ere izango da. Bi orduko bisita hau egiteko, Loiolako turismo bulegoan elkartuko dira bisitariak, 11:00etan.

Bisitaldi gehien egingo dituzte bisita gidatua Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa izenekoa izango da. Kontrarreforma garaiko arte italiarraren adibidea ederra da Loiolako Santutegia, euskal arkitektoek egina. Uztailaren 16an eta abuztuaren 7an 11:00etan eskainiko dute bisita gidatua, eta uztailaren 28an nahiz abuztuaren 11n eta 18an, 17:00etan. Bisitaldia Loiolako turismo bulegoan hasiko da, eta ordu eta erdi iraungo du.

Azkenik, Magdalenako ospitaletik Lasaora izeneko bisita egiteko aukera ere izango da irailaren 11n. San Inazio behin bakarrik itzuli zen bere jaioterrira, hain zuzen, Madalenako ospitalera. Hara iritsi baino lehen, ordea, Lasaoko oinetxean gelditu zen, San Millan markesaren jauregia sortu zuen leinuaren etxean. Bisitaldia Madalenako ospitalean hasiko dute parte hartzaileek, 10:00etan. Urolako bide berdean oinez ibiltzeko aukera ere izango da orduan. Hiru ordu inguruko ibilbidea osatuko dute.

Bisita gidatu guztiak

  • Ekainak 26, igandea: Azkoitian eta Azpeitian, 10:00etan, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia.
  • Uztailak 2, larunbata: Azpeitian, 11:00etan, Azpeitia XVI. mendean.
  • Uztailak 3, igandea: Azkoitian, 11:00etan, Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua.
  • Uztailak 10, igandea: Aizarnazabalen, 11:00etan, Bidaiarien lagun, Aizarnazabalgo San Kristobal ermita.
  • Uztailak 16, larunbata: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Uztailak 17, igandea: Aizarnazabalen, 11:00etan, Altzolarats, errota eta baserrien haran ezkutua.
  • Uztailak 23, larunbata: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola Iñigoren ume eta gaztaroan.
  • Uztailak 24, igandea: Errezilen, 11:00etan, Errezil, ermita eta sagarrondoen artean.
  • Uztailak 28, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 4, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 6, larunbata: Aizarnan, 10:00etan, Aizarnako parrokia eta Santa Engrazia ermita.
  • Abuztuak 7, igandea: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 11, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Abuztuak 13, larunbata: Azkoitian eta Azpeitian, 10:00etan, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia.
  • Abuztuak 14, igandea: Azpeitiko Loiolan, 11:00etan, Loiola Iñigoren ume eta gaztaroan.
  • Abuztuak 18, osteguna: Azpeitiko Loiolan, 17:00etan, Loiola: San Inazioren omenez egindako santutegi barrokoa.
  • Irailak 3, larunbata: Azkoitian, 11:00etan, San Martin ermita eta Azkoitiko alde zaharra.
  • Irailak 4, igandea: Errezilen, 11:00etan, Errezil, ermita eta sagarrondoen artean.
  • Irailak 10, larunbata: Azkoitian eta Azpeitian, 10:00etan, Mudejar artearen ibilbidea: Azpeitia, Loiola, Azkoitia.
  • Irailak 11, igandea: Azpeitian, 10:00etan, Magdalenako ospitaletik Lasaora.
  • Irailak 17, larunbata: Azpeitian, 11:00etan, Azpeitia XVI. mendean.
  • Irailak 18, igandea: Azkoitian, 11:00etan, Azkoitia: jauregi eta dorretxeen hiribildua.

Ikusi osorik bisita gidatuen eskuorria.