Askotariko zortzi proiektuk jasoko dute 2022. urteko Kultur Sorkuntza Beka

Andoni Elduaien 2022ko eka. 22a, 15:17
Kulturaz kooperatibako eta udaleko ordezkariak nahiz beka jasoko duten sortzaileetako batzuk, Dinamoan. (Andoni Elduaien)

28 proiektu aurkeztu dira 2022ko Sorkuntza Beketara, eta zortzi lanek jasoko dute aurtengo beka; horietatik bi sormen egonaldiak izango dira. Eneritz Albizu Kultura eta Euskara batzordeburuaren esanetan, urtez urtez igotzen ari da parte hartze kopurua, baita aurkezten diren lanen maila ere. Aurten, 20.000 euro bideratu dituzte udalaren eta Kulturaz kooperatibaren Sormen Beketara.

Atzo, asteartea, zazpigarren Sormen Bekak jasoko dituzten proiektuak aurkeztu zituzten Dinamoan. 2016. urtean jarri zuten martxan egitasmoa, eta ordutik asko izan dira urtez urte deialdietara aurkeztu diren taldeak eta norbanakoak. Aurten, beste behin, inoiz baino proiektu gehiago aurkeztu dira deialdira: 28 proiektu, hain zuzen.

Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko Kultura eta Euskara batzordeburuak nabarmendu zuen aurkeztutako lan kopuruak erakusten duela "beka indarra hartzen" ari dela. "Kalitate aldetik urtez urte igotzen ari da maila. Aurten, lan handia izan dugu proiektuak aukeratzerakoan; izan ere, zalantza handiak izan ditugu. Oso gustura gaude aurkeztu diren proiektuekin eta erakutsi duten mailarekin".

Era berean, batzordeburuak adierazi zuen kultur ikuspegitik "beti emaitza landu" izan dela. "Artistei aurkezteko guneak eskaintzeko lan egin da orain arte, baina guk atzeko lanari balioa ematea nahi genuen, lanari indarra ematea. Hain zuzen, horri erantzuteko sortu ziren Sormen Bekak. Bere garaian, Kultur Mahaiak egin zuen honen gaineko hausnarketa, eta egokia iruditu zitzaigun beka hauek sortzea". Albizuk nabarmendu zuen, gainera, denboraren poderioz "proiektua hazten" joan dela. "Lehen urteetan, 6.000 euroko aurrekontua zegoen beka hauetarako; gero, 12.000 eurora bikoiztu zen, eta egun, 20.000 euroko aurrekontua dute. Egia esan, oso gustura gaude sortzaileek egiten duten lanarekin. Azpeitiko Udala beti egongo da sortzaileei laguntzeko; izan ere, balio erantsia du guretzat atzeko lan horrek guztiak. Badakigu sektore hau ez dela batere erraza. Baliabideak jartzea logikoa da, eta horretan jarraituko dugu".

Albizuk gaineratu zuen, Dinamoa "laborategi perfektua" dela lanketa horretarako. "Gune hau erabat irekita egongo da, sortzaileen eskura. Hitzaren eremua, gorputzaren eremua eta irudiaren eremua zuentzat erabilgarri egongo dira; soinuaren eremua, berriz, udazkenetik aurrera martxan egongo da. Azpiegiturez gain, Kulturazeko kideak laguntzeko izango dituzue, bidelagun. Baliabideak eskaintzerakoan, ulertzen dugu azpiegiturez gain horrelako zerbitzu edo laguntza bat eskaintzea ere garrantzitsua dela".

Bestalde, Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako ordezkariak adierazi zuen "sormen artistikoa oinarritik lantzen" urteak daramatzatela. "Saiatzen gara lanak ahalik eta ondoen uztartzen eta aukera berriak sortzen. Bide horretan laguntzeko egongo gara, eta ahal dela, kasu honetan bezala, sortzaileengana gerturatzeko prest. Beraien moduak eta denborak ulertzen saiatuko gara. Gustura ari gara bide honetan, eta luzerako izatea espero dugu".

Bi egonaldi, sei prozesu

Aurten ere zortzi proiektu lagunduko dituzte bi erakundeek, eta horietatik bi sormen egonaldien modalitatera aurkeztutakoak dira —4.000 euro jasoko ditu bakoitzak–, eta gainerako seiak sormen prozesuen modalitatera aurkeztutakoak dira —12.000 euro banatuko dituzte sei lanen artean–.

Hona hemen bi sormen egonaldi egiteko beka jasoko duten proiektuen nondik norakoak:

  • Eider Beobide (Donostia) eta Maria Oses (Arrasate, Gipuzkoa)
    • Itzulpengintza eta interpretazio graduaren ikasketak egin dituzte Eider Beobidek eta Maria Osesek. Bikotearen asmoa da, oraindik forma zehatzik ez duen emanaldi bat eskaintzea. Horretarako, literatur itzulpenetan oinarrituko dira, hau da, beste hizkuntzetako intereseko gaiak euskarara ekarriko dituzte, eta horiek gero musikarekin nahastu.
  • Katixa Goldarazena (Arroitz, Nafarroa)
    • Egonaldia hilean astebetez egitea aurreikusten du Katixa Goldarazenak, ezohiko leku batean egoteko modua aurkitzeko. Idazkeratik, ekintzatik eta marrazkitik lan egingo du hark.

Hona hemen sormen prozesuko beka jasoko duten sei proiektuen nondik norakoak:

  • Sara Madrazo (Azpeitia)
    • Diseinu sorkuntza ikasketak ari da egiten Sara Madrazo, eta hark euskal artilea erabiliz alfonbrak egiteko Ehunak izeneko proiektua aurkeztu du. Artilea naturalki hartu, haritu eta gero alfonbrak nahiz ehunak egin nahi ditu azpeitiarrak.
  • Sabrina Romero (Azkoitia, Gipuzkoa)
    • Marrazkien eta testuen bitartez nobela grafiko bat edo liburu formatua izango duen zerbait aurkeztu nahi du Sabrina Romerok.
  • Julen Agirre (Azpeitia)
    • Marrazkitik oinarritutako Malda eta bloke izeneko proiektua aurkeztu du Julen Agirrek. Marrazkiaren egitekoan, orain arteko lan prozesu bat jarraitzea da bere asmoa. Paisaia eta arkitektura uztartuta, marrazkiaren bitartez esperimentatu nahi du azpeitiarrak.
  • Jone Arriola (Elgoibar, Gipuzkoa)
    • Dena asmatuta dago izeneko film labur baten proiektua aurkeztu du Jone Arriolak. Izen zehatzik ez duen bikote harreman baten inguruan hitz egingo du hark bere ikus-entzunezkoan. Bikote harreman bati izena jartzea beharrezkoa den edo ez hausnartu nahi du elgoibartarrak film laburraren bitartez. Komunikazioari eman nahi dio garrantzia, eta egun dauden bikote harremanak zein diren eta nahi dena zer den hausnartu nahi du.
  • Jonathan Escapa (Azkoitia, Gipuzkoa)
    • Arte Ederren ikasketak egin zituen Jonathan Escapak, eta zeramikako masterra egiten hasi zen gero. Proiektuan murgilduta dabil orain, eta horregatik, zeramika ari da lantzen azkenaldian. Era berean, beste materialak esperimentatzea ere gustuko du azkoitiarrak, elkarren arteko harremanak sortzeko asmoz. Tornuarekin lan egiteko edo esperimentatzeko interesa dutenei tailerrak edo egonaldiak eskaini nahi dizkie hark.
  • Jon Barkin (Azpeitia)
    • Podcast edo audio grabaketak jasoko dituen proiektua aurkeztu du Jon Barkinek, eta hark herriko musika talde hasiberriei elkarrizketak egin nahi dizkie Kriston Burrundaie izeneko proiektuaren bitartez.