Hutsik gelditu da XL. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa

Julene Frantzesena 2022ko eka. 22a, 11:01
Kartelak ikusgai izan dira Betharrametako aretoan.

Topaketak iragartzeko kartel lehiaketara lau lan aurkeztu dituzte herritarrek aurten, eta herenegun elkartu zen epaimahaiak erabaki du lehiaketa hutsik uztea. Udalak eskerrak eman dizkie sariketara lanak aurkeztu dituzten sortzaileei.

Udazkenean egingo diren XL. Euskal Antzerki Topaketak iragartzeko kartel lehiaketa hutsik gelditu da. Herritarrek lau lan aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, eta horiek ikusgai izan dira hainbat egunez Betharrametako erakusketa aretoan.

Udalak adierazi duenez, lanen balorazioa eginda, herenegun erabaki zuen epaimahaiak lehiaketa hutsik uztea. "Lanen sormena, kalitate grafikoa nahiz plastikoa, deigarritasuna eta erreproduzitzeko zein editatzeko erraztasuna kontuan hartuta eman du ebazpena". Erakundeak eskerrak eman dizkie lanak aurkeztu dituzten sortzaileei.