Uztailaren 2an Larhunera joateko autobusetan izena eman daiteke ekainaren 29a arte

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 22a, 11:18
Foru Ibilbideko erakusketa aretoan ireki du lokala Azpeitiko Gure Eskuk.

17:00etan irtengo da autobus zerbitzua Azpeititik. Itzulerako, berriz, bi aukera jarri ditu Gure Eskuk: 02:00 aldera edo goizaldean. Egitasmoan parte hartzeko izena eman ez dutenak ere batu daitezke oraindik Pirinioetarako Bidera, Internetez zein Azpeitiko Gure Eskuren lokalean izena emanda.

Pirinioetako Bidea egitasmorako atzera kontaketa hastear da. Uztailaren 2an, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Euskal Herria eta Katalunia lotuz. Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek antolatu dute egitasmoa. 300 tontorretatik 115 euskal herritarrek argiztatuko dituzte, Jaizkibel (Gipuzkoa) eta Benasque (Espainia) artekoak: Azpeitiarrei Larhun mendia argiztatzea egokitu zaie, eta horretarako izena eman dute dagoeneko hainbat herritarrek.

Oraindik izena eman ez dutenak ere garaiz dabiltza: Internetez eman dezakete Pirinioetako Bidean parte hartzeko izena, edo Azpeitiko Gure Eskuk Foru Ibilbideko erakusketa aretoan ireki duen lokalean. Asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 11:00etatik 13:00etara irekitzen du lokala Gure Eskuk.

Azpeititik Larhunera joateko eta handik herrira itzultzeko autobusak jarriko ditu Azpeitiko Gure Eskuk uztailaren 2an, eta garraio zerbitzu hori erabiltzeko ere izena eman behar dute joatekoak direnek, Gure Eskuren lokalera joanda edo taldearen helbide elektronikora (gureeskuazpeitia@gmail.com) idatzita; ekainaren 29a izango da horretarako azken eguna.  Uztailaren 2an, 17:00etan irtengo da autobus zerbitzua Azpeititik. Itzulerako, berriz, bi aukera jarri ditu Gure Eskuk: 02:00 aldera edo goizaldean.