Sahatsaren emanaldiarekin hasiko da aurtengo Azpeitia Dantzan zapatuan

Julene Frantzesena 2022ko eka. 27a, 09:37
Sahatsa dantza taldeko kideak 2018an plazan eskaini zuten emanaldian.

Sahatsako kideek 20:00etatik aurrera eskainiko dute emanaldia plazan. Datozen bi asteburuetan emanaldi bana izango da: Jose Mari Orbegozoren eskolako kideen txanda izango da uztailaren 10ean, eta Itsasiko kideena, berriz, uztailaren 17an. Bi emanaldi horiek Soreasu antzokian izango dira.

Uztailarekin iritsiko da aurten ere Azpeitia Dantzan egitasmoa herrira. Azken urteetan ohi bezala, herriko hiru dantza taldek eskainiko dituzte emanaldiak, plazan nahiz Soreasu antzokian.

Lehen emanaldia zapatuan, uztailaren 2an, izango da, eta Sahatsa dantza taldeak eskainiko du ikuskizuna plazan, 20:00etan hasita.

Uztailaren 10ean, igandez, berriz, Jose Mari Orbegozoren eskolako kideek areto dantzak egingo dituzte, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian.

Hirugarren eta azken saioa uztailaren 17an, igandea, izango da; Itsasi euskal kultur taldeko dantzariek Arkupean ikuskizuna taularatuko dute.