Bihar hasiko dira Elizkaleko Korputz jaiak

Julene Frantzesena 2022ko eka. 22a, 09:37
Musika eskolakoak kalejiran, 2019ko Korputz festetan.

Bihar, etzi eta zapatuan askotariko ekitaldiak izango dira Elizkaleko festak direla eta. Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejirarekin hasiko dira festak, eta besteak beste, meza, dantza emanaldia, poteoa, afaria nahiz erromeria ere izango dira.

Erretz Txapelketarekin, joan zen zapatuan hasi ziren Korputz jaiak ospatzen Elizkalean, eta bihar jarraituko dute egitarauarekin. Hain zuzen ere, 18:00etan hasiko dituzte festak, Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejirarekin. 19:00etan, berriz, Elizkaleko hildako bizilagunen aldeko meza izango da Bakardadearen kaperan.

Etzi ere izango da ekitaldirik; 18:00etan Juan Antxieta musika eskolakoen kalejira izango da, eta 19:30etik aurrera, Kantujirakoek girotuko dute kalea. Zapaturako ere hainbat hitzordu jarri dituzte jaien antolatzaileek; besteak beste, Itsasi dantza taldekoen emanaldia, txistu poteoa, afaria nahiz Imuntzo eta Belokiren erromeria izango dira.

Hona hemen Korputz jaietako aurtengo egitaraua:

Bihar, osteguna

18:00. Juan Antxieta musika eskolakoen kalejira.

19:00. Kaleko hildakoen aldeko meza, Bakardadearen kaperan.

Etzi, ostirala

18:00. Juan Antxieta musika eskolakoen kalejira.

19:30. Kantujirakoen kalejira.

Ekainak 25, zapatua

13:00. Itsasi dantza taldekoen emanaldia.

19:30. Txistu-poteoa, Irantzu Gilekin.

20:00. Lagunarteko afaria, Mendizaleen tabernan.

22:30. Imuntzo eta Belokiren erromeria.

00:00. Festetako zozketa.