Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Bihar eta etzi erosi ahal izango dira Herriarteko finalerako sarrerak

Julene Frantzesena 2022ko eka. 21a, 08:57
Joan zen ostiraleko partidako irudia.

Izarraitz pilotalekuko leihatilan salduko dituzte sarrerak, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Atanorako sarrerak bi preziotan salduko dituzte: bost eta hamar euro. Donostiara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua antolatuko du Ilunpe pilota elkarteak.

Azpeitiak eta Oiartzunek zapatuan jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala, 16:30ean hasita, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, eta bihar nahiz etzi erosi ahal izango dira partidetarako sarrerak Izarraitz pilotalekuko leihatilan. 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik txarteldegia. Atanorako sarrerak bi preziotan salduko dituzte: goiko eserlekuetakoak bost euro ordaindu beharko dira, eta kantxakoak, hamar euro.

Gainera, Azpeititik Donostiara joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua antolatuko du Ilunpe pilota elkarteak zapaturako. Doakoa izango da zerbitzua, baina aurrez izena eman beharko da, txartelak erosterakoan.