Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa 2022

Azpeitiak Oiartzun izango du aurkari Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalean

Iker Egiguren eta Jakes Elosegi ostiralean Izarraitzen.

Gaur jokatu dituzte finalerdietako itzulerako partidak Oiartzunek eta Hernanik, eta Oiartzun sailkatu da 2 eta 1ekoa lortuta eta tantoetan gailenduta, Hernanik joaneko partidetako 2 eta 1eko abantaila zuen arren. Zapatuan izango da finala –16:30ean– Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Azpeitiak Oiartzunen aurka jokatuko du Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala datorren zapatuan, ekainak 25, Donostiako Atano III.a pilotalekuan –16:30ean–. Gaur jokatu dituzte finalerdietako itzulerako partidak Oiartzunek eta Hernanik, eta Oiartzun sailkatu da 2 eta 1 nagusituta eta tantoetan gailenduta, Hernanik joaneko partidetako 2 eta 1eko abantaila zuen arren.

Azpeitiko pilotariek, berriz, ostiralean eskuratu zuten finalerako txartela, Tolosa 3 eta 0 mendean hartuta. Honako lotura honetan ikus daitezke ostiralean Izarraitz frontoian izan ziren finalerdietako norgehiagoken kronika eta argazki bilduma.

Ez da Azpeitiak eta Oiartzunek jokatuko duten Herriarteko Txapelketako lehen finala izango datorren zapatukoa. Izan ere, iaz ere bi herri horiek aritu ziren aurrez aurre, eta Azpeitiak jantzi zuen txapela, zortzigarrenez. 2018an ere Azpeitian jantzi zuen txapela, orduan ere Oiartzuni irabazita.

2019an, aldiz, finalera sailkatu bai, baina ez zen Astigarragarri irabazteko kapaz izan. Aurretik, 2004an, 2008an2010ean, 2015ean, 2016an eta 2017an jantzi zuen Herriartekoaren txapela. XXI. mendean txapel gehien jantzi dituen herria da Azpeitia, baita txapelketaren ibilbide osoan lau txapel jarraian eskuratu dituen herri bakarra ere.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide