Urrestillako sanjoanak 2022

Sanjoanen aurreko asteburuan hasi dira festaz gozatzen Urrestillan

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 19a, 16:57

Atzo, herri krosaren ondoren, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantuan eta dantzan ibili ziren iluntzean. Gaur, berriz, Jubilatuen Eguna dute. Asteazkenean, San Joan bezperan, izango dute hurrengo hitzordua.

Bi urtez festak bere horretan ospatu gabe egon dira Urrestillan ere, baina itzulerako sanjoanetan betiko ohitura asko mantendu dituzte. Urtero ekainaren 23tik 26ra izaten dituzten festa egunen aurreko edo ondorengo asteburua baliatzen dute urrestildarrek jaietako zenbait ekitaldi seinalatu egiteko, eta aurten ere horrela egin dute.

Datorren ostegunetik igandera ospatuko dituzte sanjoanak, baina asteburu honetan hasi da festa giroa pizten Urrestillan. Ostiraleko pilota jaialdiaren ondoren, atzo XVIII. San Joan Herri Krosa egin zuten (hemen, bideoa eta argazkiak); eta zapatu arratsalde-iluntzea borobiltzeko, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantuan eta dantzan ibili ziren, kalez kale aurrena eta soziedadean ondoren.

Gaur, berriz, Jubilatuen Eguna dute Urrestillan. Antxieta elkarteak Festa Batzordearen laguntzarekin eman die aurten ere bazkaria jubilatuei, baita meza ondorenekoplazako hamaiketakoa ere. Aurten ere herritar urtetsuenak omentzeko tartea hartu dute bazkarian: Carmen Aristik jaso du lore sorta, bertaratuen txalo artean. Bazkalondoan, berriz, bingoan ibili dira.

Atseden pixka bat hartuta, ostegunean itzuliko da festa Urrestillara, sanjoanetako lau egun beteak hasteko.