Migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak aldarrikatu dituzte Aizpurutxo eta Loiola artean

Julene Frantzesena 2022ko eka. 19a, 16:36

Jesusen Lagundiaren gizarte arloko erakundeek antolatuta, 250 bat lagunek hamar kilometroko txangoa egin dute goizean. Ondoren, Loiolako aterpetxearen atarian ekitaldia egin dute, baita bazkaria ere. Errefuxiatuak eta migratzaileak "abegiz" hartuko dituen harrera kultura sustatzeko xedez egin dute martxa. 

Hospitalitatearen Bideak egitasmoaren barruan, Aizpurutxo eta Loiola artean hamar kilometroko ibilaldia egin dute gaur goizean 250 bat lagunek. Jesusen Lagundiaren gizarte arloko erakundeek errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko antolatutako txangoa 10:30ean hasi dute, eta parte hartzaileak 14:00ak aldean iritsi dira Loiolara. Behin Loiolako aterpetxera iritsita, ekitaldia gauzatu dute, eta hantxe bazkaldu dute, zuhaitzen itzalpean.

Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeek sustatu dute martxa, eta errefuxiatuei laguntzen ari diren elkarteetako kide hainbatek parte hartu du. Gainera, Euskal Herrian diren Ukrainako nahiz Siriako hainbat familia ere izan dira han.

Errefuxiatuak eta migratzaileak "abegiz" hartuko dituen harrera kultura sustatzeko xedez egin dute martxa. "Ulermenean, laguntzan, babesean eta ongietorrian oinarritutako eremu bat sortu nahi dugu, abegia, lankidetza, eragina, sentsibilizazioa eta hezkuntza baliatuz", azaldu dute Jesusen Lagundiako erakundeek.