Urrestillako sanjoanak 2022

Aitor Mimenzak eta Maite Etxezarretak irabazi dute Urrestillako XVIII. San Joan Herri Krosa

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 18a, 20:04

Arratsalde hasierako bero latza apalduz joan da orduek aurrera egin ahala, eta beste urte batzuetan bezain jendetsua izan ez arren, adin guztietako korrikalari mordoa animatu da parte hartzera.

Beroa behin baino gehiagotan izan da protagonista Urrestillako krosean, baina aurtengorako aurreikusita zegoena marka gehienak hausteko modukoa zen. Eta beroa egundokoa izan da arratsaldeko lehen orduetan, baina hala ere, aurrera egin dute antolatzaileek. Horrela, ez da inoizko jendetsuena izan San Joan Herri Krosa, baina adin guztietako korrikalari mordoa animatu da parte hartzera eta, gainera, beroa ere apaltzen joan da orduek aurrera egin ahala.

Antolatzaileek mahukak jarri dituzte han eta hemen ibilbidean, lasterkariak urez zipriztintzeko, eta eskertu dute, bai, kirolariek. Gainera, lasterketa nagusiari itzuli bat kentzea erabaki dute, beroa kontuan hartuta; horrela, hiru itzuli egin dituzte ohiko lauren tokian. Azken proba horretan pronostikoek ez dute huts egin, eta Aitor Mimenza eta Maite Etxezarreta izan dira irabazleak. Gizonetan Ibon Aranguren izan da bigarrena, eta Jon Arzubialde hirugarrena. Emakumeen podiuma, berriz, Idoia Nogalesek eta Vanessa Cerrajerok osatu dute.

22 korrikalarik bukatu dute lasterketa nagusia, tartean jubenil mailako bik. Josu Porta izan da nagusi gazteen proban, Aimar Olaizolaren aurretik.